Tarajaleko tragediaren zazpigarren urteurrenean, justizia eskatuko du Harrera Sareak
Irungo Harrera Sareak elkarretaratzera deitu ditu bihar irundarrak, 2014ko otsailaren 6an Ceutako mugan eraildako hamabostak gogoratzeko.
Zazpi urte beteko dira bihar (hilak 6) Tarajaleko tragediatik. 2014ko otsailaren 6an Sahara hegoaldeko 200 pertsona inguru Tarajaleko murruaren ertzetik igeri eginez Europan sartzen saiatu ziren, Maroko eta Espainiaren arteko muga artifiziala zeharkatzeko. Horietako hamabost lagun Ceutako mugan erail zituzten, Guardia Zibila haien aurka gogor oldartu ostean.
Bada, 2014an gertatutakoa salatzeko zenbait mobilizazio iragarri dituzte Euskal Herrian, baita Irunen ere. Izan ere, sareak bat egin du eragile ezberdinek deitutako Duintasunaren VIII Martxarekin. Hala, elkarretaratzera deitu ditu herritarrak bihar. San Juan plazan elkartuko dira, 12:00etan. «Heriotz politiken aurrean, memoria, bizitza eta eskubideak. Inor ez da ilegala!», mezua zabaldu du harrera sareak sare sozialetatik.