[Erreportajea] Ingurumena lehengoratuz, lanarekin ahaldunduz
Urtarrilean ekin zion lanari ingurumena lehengoratzeko brigadak. Epe luzeko langabeak dira, baina «ahalduntzen» ari direla uste dute arduradunek. Orbela baino zaborra garbitzen dutela deitoratu dute.
Hondarribiko landa eremuetako ubide eta bideak garbitzeko lanetan ari da ingurumena lehengoratzeko brigada, urtarrila hasieratik. Hamar lagun kontratatu zituen Hondarribiko Udalak Lanbidek tokiko enplegua sustatzeko abiatutako programaren bitartez; zortzi langile eta bi arduradun, zehazki. Beharginen artean, epe luzeko langabeei lanerako aukera bat eskaintzea da helburua, aldi baterako bada ere. Sei hilabeteko kontratazioak dira, eta ekaina bukaeran amaitutzat emango dute zeregina.
Ainhoa Martinez eta Nestor Uranga dira taldeko arduradunak. Lehena psikologoa da; bigarrena, baso-kudeaketarako teknikaria eta taldeko koordinatzailea. Azaldu dutenez, laneko plangintza antolatzen du Urangak, eta taldearekin aritzen da Martinez, nahiz eta betebeharrak «dezente» partekatzen dituztela onartu duten biek. «Azkenean, langabezian denbora luze eman ondoren, jendea lanean eroso egotea da gure helburua», adierazi du Martinezek: «Pixkanaka, poliki, baina gustura lan eginez, ohiturak eta errutinak hartzen ari dira. Egia esan, oso pozik gaude, oso jende jatorra da».
Ildo beretik mintzatu da Uranga lankideei buruz. Lehen egunetik orain arte aldaketa antzeman duela lantaldearengan onartu du, «gogotsu» joaten direla egunero lanera: «Egia esan, oso kontent daude. Ahaldundu direla ikusten da, eta haiek ere esaten dute askoz ere gusturago sentitzen direla beren buruekin. Eskertzen dute lan egitea».
Zaborra nagusi
Lurrak eta orbelak jandako bide eta ubideak garbitzea haien lana izan arren, «bereziki» zaborrarekin topo egiten dutela salatu dute lantaldeko arduradunek. «Hozkailuak, txapa erraldoiak, plastikozko bilgarriak…», zehaztu du Urangak.
Zentzu horretan, hilabete honetan zehar topatutako eremurik zikinena Amute inguruko bat izan dela onartu dute, Santiagotxotik Maidanearantz doan bidea, hain zuzen. Ez dute begi onez ikusi Txingudiko paduretatik hain gertu dagoen eremua egoera horretan aurkitzea. Izan ere, Europak babestuko hezeguneak dira horiek, eta paduretan bertan izan ez arren, gizakiak utzitako «zabor piloa» inguruan izatea deitoratu dute.