[Bideoa] Imanol Rayoren 'Hil Kanpaiak' film luzea bihar, Itsas Etxean
2019ko urrian film luzerako hainbat eszena grabatu zituen zuzendariak Hondarribiko Alde Zaharrean. Miren Gorrotxategi idazlearen '33 ezkil' eleberrian oinarrituta dago ikus-entzunezkoa.
Imanol Rayoren zuzendaritzapean errodatutako Hil Kanpaiak euskarazko film luzea bihar proiektatuko dute Hondarribian. Itsas Etxea auditoriumean finkatu dute emanaldirako hitzordua, 19:00etan abiatuta. Interneten salgai zeuden sarrerak agortu dira dagoeneko. Interesdunek Arma Plaza informazio gunera jo beharko dute.
Miren Gorrotxategi idazlearen 33 ezkil eleberrian oinarrituta, 2019ko irailean ekin zion Rayok grabazio lanei. Zazpi astez luzatu zen errodajea azkenean, eta Nafarroako zein Gipuzkoako hainbat herritan burutu zituzten grabazio lanak, tartean, Hondarribian. Alde Zaharra aukeratu zuen zuzendariak hainbat pasarte grabatzeko agertoki, eta hiribilduan izan ziren bitan, iraila bukaeran lehenbizi, eta urria amaitzen ari zela ondoren. Iaz estreinatu zuten azkenean ikus-entzunezko lana.
Antzezleei dagokienez, Euskal Herriko maila handiko profesionalek osatzen dute aktoreen zerrenda. Hala, protagonisten artean, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño eta Yon Gonzalez daude. Bigarren mailako pertsonaiak interpretatzen, aldiz, ari dira: Josean Bengoetxea, Itsaso Arana, Asier Hernandez, Iñigo Aranburu, Ander Azurmendi, Dorleta Urretabizkaia eta Kandido Uranga.
Sinopsia
Baserri batean lurperatutako burezur bat agertzerakoan hasten da familia arteko drama hau. Fermin, familiako aitalehena eta burezurra aurkitu duena, ermita batean hilik agertuko da handik gutxira.