Abotsanitz: «Pintaketen atzean asmo ilunak daudenaren susmoa daukagu»
«Asmo gaiztoz» egindako erasoak direla salatu du herri batzarrak, «bizikidetzaren» zein «euskararen» aurkakoak.
Hondarribiko Alde Zaharrean Ertzaintzaren eta EAJren aurka agertutako pintaketek udal talde guztien erreakzioak eragin dituzte. Abotsanitz Herri Batzarrak ere gaitzetsi ditu erasoak. «Asmo gaiztoz» eginda daudela iritzi dio udal taldeak, «egiteko modua, erabilitako grafia, eta aukeratutako guneak ikusita, pintaketen atzean asmo ilunak daudenaren susmoa daukagu». Ez dela ekintza «isolatua» ere adierazi dute kideek, eta «azken asteetan Euskal Herrian bizi dugun tentsio gorakadaren» testuinguruan kokatu dute gertakaria.
Zentzu horretan, «bizikidetzaren» zein «euskararen» kontrako eraso direla ere nabarmendu dute. Lehena, gizarte kohesioa sendatze aldera tankera horretako ekintzak «baztertzea» ezinbestekoa dela uste du udal taldeak. Bigarrenari dagokionez, «ez dakigu ezjakintasunez edo axolagabekeriaz» egin diren pintaketak, «baina euskarak eta euskaldunok ez dugu halakorik merezi».