Ezohiko inauteri hauetan auzoari «kolorea, alaitasuna eta itxaropena» eman nahi diote
Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak balkoiak apaintzera animatu ditu irundarrak, hilaren 11etik 16era bitarte.
Aurten ohiko inauteri ospakizunik egongo ez den arren, Irungo Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak etxetik ospatzeko deia egin die irundarrei. Hala, balkoi eta leihoak apaintzera gonbidatu dituzte erdiguneko auzotarrak, inauteri ezohiko hauei kolorea eta alaitasuna emateko asmoz.
«Gure kaleko eta plazetako normaltasunera, auzo aktibo eta dinamiko baten normaltasunera, laster itzultzeko itxaropenarekin ekin digu 2021ari. Horregatik, auzokideak animatu nahi ditugu inauteri garai honetan, balkoiak eta leihoak apainduz, auzoari kolorea, alaitasuna eta itxaropena ematera», esan dute auzo elkarteko kideek.
Zehazki, hilaren 11etik (ostegun gizen) 16era (inauterietako asteartea) apaintzeko deia egin dute. Era berean, apaindutako balkoi eta leihoei argazkia atera eta sare sozialetan zintzilikatzera animatu dituzte auzokideak, ondorengo traola erabiliz: #inauteriakaldezaharrean.
Amaitzeko erakundeek ezarritako arauak betetzeko garrantzia nabarmendu dute elkartekoek, herritarren artean kutsatzeen transmisioa gelditzeko asmoz.