Eskolara joateko ibilbiderik seguruena margotu dute
Ikasleak klasera oinez joan daitezen Eskola Bidea izeneko egitasmoa abiatu du udalak. Lurrean marka batzuk margotu dituzte, ibilbidea irudikatuz.
Irungo ikasleak ikastetxetara oinez joan daitezen Eskola bidea izeneko egitasmoa abiatu du udalak, udalaren eta eskola komunitatearen artean sortutakoa. «Eskolara joateko ibilbiderik seguruenen planifikazioan datza. Horrela, ibilbidean barrena topagune jakin batzuetan haur taldeak osatu, eta gero eta talde handiagoa eratzen da eskolara bidean», diote udaleko iturriek.
Egun, lau ikastetxek hartzen dute parte egitasmoan: Eguzkitza, Dunboa, La Salle eta Elatzeta.
Egitasmoari bultzadatxo bat emateko, Elatzeta ikastetxeko bideetan, Katean hain zuzen ere, marka batzuk margotu dituzte lurrean, ibilbide bakoitzeko abiapuntu eta topaguneak identifikatzeko. Gainera, ikastetxeko Sua maskotaren marrazkiak dituzten biniloak jarri dituzte ibilbideko altzarietan, «eskola bidea areago nabarmentzeko».
«Katean eman dugun pauso berriak frogatzen du jokabide txikiek mesede handia egin dezaketela ohitura osasungarriak sustatzeko, gure hiriaren eguneroko bizitzaren onerako», esan du Borja Olazabal ordezkariak
Honi lotuta, laster Eguzkitzako ikastetxeko eskola bideko hainbat topagune margotuko dituztela iragarri du udalak.