Asteburu eroa izan arren, 8.17 segundoko marka egin du Teresa Errandoneak
60 metro hesietan marka ona eskuratu du irundarrak, baina oztopoz betetako egunak izan dira. Alemanian zein Frantzian aritu da.
Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) Teresa Errandonea irundarrak aste bukaera eroa izan du. Bi herrialde ezberdinetan lehiatu da, ostegunean Alemanian, eta ostiralean aldiz, Frantzian, 60 metro hesietan. Bidean hesiak baino oztopo gehiago aurkitu ditu atletak.
Ostegunean abiatu zen Irundik, Madrilerako bidean, handik Frankfurt (Alemania) hirira hegan egiteko. Bada, Madrilera itzuli behar izan zuen hegaldiak lehenik, pilotua gaixo jarri zelako. Gauez heldu zen Errandonea, afaldu gabe, eta hurrengo eguneko 8:00etan antigeno test bat pasatu behar izan zuen, ia lorik egin gabe.
Nekeak eta bidaia eroak eragindako antsietateak ez zuen batere lagundu irundarra Alemaniako World Indoor meeting-eko lehiarako. Tamalez, irteera hutsala egin zuen Errandoneak, beraz, deskalifikatu egin behar izan zuten.
Ostiraleko 4:15an hartu zuen asteko hirugarren hegaldia, oraingoan Frantziara, Parisera. Handik hiru orduko auto bidaia egin zuen Mondeville-ra, arratsaldean lehiatzeko. Ez zen Errandonearen arratsalde onena izango. Muskulu piramidalan mina egin zuen, eta ezin izan zuen behar bezala berotu.
Egoera onena ez izan arren, balio handiko 8”17-ko bi karrera egiteko gai izan zen BATeko kirolaria. Kontuan hartu behar da denboraldiko marka onena 8,18 segundokoa dela, beraz, aurrerapauso bat eman du Frantzian.
Emaitzari dagokionez, marka honekin ez du hobekuntzarik lortu Tokioko Olinpiar Jokoei begira, orain arte egindako lehiaketetan emaitza onagoak eskuratu baititu Errandoneak. Baina pertsonalki asteburuko esperientziak lagundu diola aitortu du kirolariak, klubeko iturrien arabera.
Honakoak dira, Errandonearen hurrengo hitzorduak: hilaren 13an Indoor Flander Meeting-an izango da, hilaren 20 eta 21ean Espainiako PC Txapelketa Absolutuan eta hilaren 24an aldiz, Madrildo Indoor Metting-an.