EH Bilduren II. Kongresua aurkezteko herri batzar telematikora deitu dute
Koalizioaren 10. urteurrenarekin batera hastear den prozesuaren berri emateko, bilera egingo dute Hondarribiko kideek ostegunean, 19:00etan.
EH Bildu sortu zela 10 urte beteko dira aurten, eta horrekin batera, koalizioak II. Kongresua egingo duela jakinarazi du. Prozesuaren nondik norakoak azaltzeko eta aztertzeko helburuarekin, bilera telematikora deitu dute ostegunean (hilak 4), 19:00etan. Parte hartu nahi duten herrikideek ondoko posta elektronikora mezu bat bidali beharko dute.
Hondarribiko EH Bilduko kideek azaldu dutenez, 10 urte bete dira “ezberdinen arteko akordioa gauzatu zenetik. Urte hauetan zehar, helburuak eta indarrak gehitzen joan gara, guzti honekin lorpen garrantzitsuak erdietsiz”. Are gehiago: “10 urtean zehar EH Bilduren garapena etengabea izan da”.
Ildo horretan, “Euskal Errepublikaren” bidean ezinbesteko tresna politiko bihurtu dela koalizioa nabarmendu dute. Hori dela eta, hamarkada horretan zehar “ikasitakoak” zein “errotutakoak” hizpide izango dituzte kongresuan, aurrera begirako “erronka politikoak” zehaztu ahal izateko. Erantsi dutenez, “erronkei modu eraginkorrean erantzuteko, hartu beharreko erabaki politikoak eta antolaketakoak” zehaztuko dituzte milintanteek.