[Elkarrizketa] Ander Elosegi: «Uste dut baditudala dominarako aukerak»
Laugarren amets olinpikoa betetzera doa uda honetan Tokiora irundarra. Domina bat eskuratzea izango du urtebeteko atzerapenarekin datozen Olinpiar Jokoetako erronka nagusia.
Datorren uztailean, COVID-19ak baimentzen badu noski, Tokion izango zara, Olinpiar Jokoetan. Lehiarako prest?
Egia esan prest nago, eta gogoz gainera, ilusio handiarekin. Iaz ezin izan nuen jokoetan lehiatu, eta ea dena ondo doan aurten. Ilusio handiarekin noa, ea behar den bezala lehiatzeko aukera dudan.
Zure laugarren jokoak izango dira gainera. Bereziak izango dira?
Niretzako ez dira bereziak izango laugarrenak direlako. Olinpiar Jokoak beti dira bereziak. Beti diot bereziak direla, joko guztiak bereziak diren bezalaxe. Lehenengoak balira bezala hartuko ditut laugarren hauek. Olinpiar Jokoak gure kirolean dagoen txapelketarik garrantzitsuena dira, eta bertan parte hartzea beti da berezia, nahiz eta lehenengo, laugarren edo hamargarrena izan.
Aurrekoetan baino lasaiago zoaz Tokiora?
Nik uste dut baietz. Aurretik hirutan egoteak asko erakutsi dit, badakit zer den hori, badakit maila horretako ekitaldi bat zer den, eta uste dut eskarmentu hori balia dezakedala errendimendu ona lortzeko. Gero, egia da joko guztiak ezberdinak direla, eta aurreko hiruetan egon izanak ez duela bermatzen emaitzarik, baina egia da alde horretatik asko ikasi dudala, eta baliagarria izango dela ziur.
Zein duzu erronkarik nagusiena laugarren hauetan?
Orain nagoen bezala, uste dut baditudala dominarako aukerak. Eta hori izango da helburu nagusia, podium horretan sartzea. Horretarako gogor entrenatzen ari naiz, nire burua aukerarekin ikusten dut. Baina argi dago oso zaila izango dela. Hori parte hartuko dugun kirolari guztiek dakigu, horretarako prestatzen gara. Helburua behintzat podiumean sartzea da, dominaren bat eskuratzea.
Aurreko hiru jokoetan diploma olinpikoa eskuratu duzu bitan, oso gertu egon zara podiumetik. Arantza hori kentzera zoaz?
Egia da aurrekoetan oso gertu egon nintzela, baina hori nire aurrekoak hobeagoak izan zirelako izan zen. Ez dut arantza hori, eta orain arte ez dut pentsatu hobeto egin ahal izan nuela aurrekoetan. Helburua, lortu ezin izan nuen hori lortzea izango da.
Dagoeneko han izan zara, Tokioko kanal olinpikoa probatzen. Zer nolako inpresioak izan dituzu?
2019aren bukaeran bitan egoteko aukera izan genuen, eta egia esan oso inpresio ona jaso nuen. Egia da ez dela kanal oso bortitza, ez dira ur oso indartsuak, ez dira korronte handikoak. Baina baditu bere berezitasunak eta gure kirolerako kanal aproposa dela uste dut, lehiaketa polita utziko duela. Bestalde, niri pertsonalki gustatu zitzaidan, eta egia esan oso pozik nago. Horrez gain, bisitak bertako kultura eta bizimodua ezagutzeko balio izan dit, eta oso-oso interesgarria izan da hori.
Pandemiak erabat baldintzatu ditu jokoak, baina baita kirolarien egunerokoa ere. Nolakoa izan da ezohiko urte hau zuretzat?
Oso ezohikoa izan da, bai. Gogoan dut pandemia hasi zenean, etxean geratu behar izan genuenean urduritasun pixka bat genuela kirolariok. Ez genekien noiz arte egongo ginen etxean, noiz hasi ahalko ginen berriro entrenatzen eta oraindik ez zuten aurreratu jokoak atzeratzeko erabakia. Baina behin esan zutenean urtebete atzeratuko zituztela, gogoan dut lasaitu handia hartu nuela. Egoera ulertzen genuen, eta erabaki egokiena zela gainera.
Eta entrenamendu aldetik, nahikoa egiteko aukera izan duzu?
Baietz uste dut. Atzerapenaren berri izan, eta trantsizio urte bat balitz bezala hartu genuen, ez dugu izan ia goi mailako lehiaketarik. Buruan beti oso presente izan ditut jokoak, eta horretan zentratu dut nire egunerokoa. Aurre denboraldi nahiko normala izan da, hori bai, segurtasun neurri guztiak hartuta, baina nahiko normal entrenatzeko aukera izan dut. Maiatzean itzuli nintzen uretara, eta ordutik etengabe entrenatzen aritu naiz. Orain Reunion irlatan (Frantzia) ari naiz entrenatzen. Neguan beti klima beroagoen bila joaten gara, normalean Australiara edo Arabiar Emirerri Batuetara, baina egoeragatik aurten ezin izan dugu. Beraz, aurten erabaki dugu Reunion irletara etortzea, eta hemen gaude buru-belarri entrenatzen, beti helburua Tokio dela jakinik. Dena ondo badoa, otsailaren 10era bitarte jarraituko dugu hemen.
Historiako lehenengo gizonezko euskalduna zara lautan Olinpiar Jokoetan ariko dena. Hori entzutean, zer datorkizu burura?
Askotan eman didate datu hori, baina momentuan ez diot garrantzi handirik ematen. Lehiatzeko gogoak lehenengo jokoetako berberak dira, ez diot halako garrantzirik ematen datuari. Egia esan, nahiago dut orain zentratu, ondo entrenatu eta horrelako datuak gerorako utzi. Pentsatzen dut agian beste ikuspuntu batekin ikusiko ditudala gauzak hemendik urte batzuetara, baliteke beste modu batera baloratzea hori. Baina momentu honetan, ez da ez dudala nahi horretan pentsatu, baizik eta ez diodala garrantzi handirik ematen.
Momentuz irundar bakarra zara jokoetarako txartela ziurtatu duena, baina agian ez azkena…
Uste dut Irunen eta inguru honetan kirol ohitura handia dagoela, oso anitza gainera. Beti izan dugu kirolariren bat jokoetan edo sartzeko aukerekin, eta hori goraipatzekoa da, harro egoteko modukoa. Ez dakit Kako Aranburu hor dagoen oraindik, baina Teresa Errandonea, adibidez, hor dago, txartel hori eskuratzeko bidean, eta ea zorte pixka batekin ordezkaritza handitzen dugun. Badakit ongi dabilela. Argi dago kirola egiteko ohitura handia dagoenean emaitzak eta dominak iristen direla Irunera. Santiagotarrak-en, adibidez, harrobi sendoa osatu dute azken hamarkadetan, sekulako lana egiten dute egunerokoan, eta hortik lehen mailako kirolari ugari atera dira zorionez. Hori da bidea.
Oraindik laugarrenak heldu ez diren arren, inoiz bosgarren batzuk pasa zaizkizu burutik?
Egia esan, ez. Orain ezin dut esan %100ean azkeneko jokoak izango direla, baina apustu egin beharko banu, esango nuke hauek azkenak izango direla. Atzerapenak ere ez du batere lagundu zentzu horretan. Ez dut ikusten nire burua beste hiru urtez entrenatzen goi mailan, helburu handi hauekin. Uste dut hemendik urte batzuetara agur esan beharko diodala arraunari. Ez dakit noiz, ez dakit nola, baina zaila ikusten dut Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Ez parte hartzea, baizik eta sailkapen hori borrokatzea bera. Ez da fisikoki jada sumatzen dudalako. Gehiago da denbora asko behar dela, eta esfortzu oso handia da. Askotan buruak lasaitasuna eskatzen du. Goi mailan lehiatu nahi bada gauza asko utzi behar dira alde batera.
Horrelako zita garrantzitsuetara behar den bezala iristeko maiz Euskal Herritik kanpora joan behar izan duzue, ez baitago hemen benetako kanalik. Afera horretan aurrerapausorik eman da?
Gure betiko kezketako bat hori da. Egia da hemen ez dugula goi mailako kanalik, baina bestalde egia da moldatu garela. Bidasoa ibaian entrenatzen gara, eta egia da goi mailan lehiatzeko zerbait gehiago behar dugula. Badago proiektu bat Usurbilen kanal bat egiteko, badirudi aurrera pausoak ematen ari direla. Ea gauzak ondo ateratzen diren eta esan dezakegun Euskal Herrian kanal duin bat dugula.
Honaino heltzeko bide luzea egin behar izan duzu. Noiz hartu zuen Ander Elosegik lehenengoz arraun bat eskuetan?
Ez dut momentua bera gogoratzen. Betidanik gustatzen zaidan kirola izan da. Baina bai gogoratzen dudala nola hasi nintzen. 8-9 urte inguru izango nituen, eta etxe ondoko klubean hasi nintzen, Santiagotarrak-en. Kanpotik ikusten nituen arraunean, eta asko erakarri ninduen. Besterik gabe ongi pasatzeko aktibitate bat zen, eta pixkanaka proiektu luze bat bilakatu da, honaino ekarri nauena.
Zer da zuretzat, kirolari eta irundar bezala, Bidasoa?
Hor ikasi dugu piragua baten gainean ibiltzen, hor eman ditugu lehen pausoak. Beti izango da gure ibaia, gure etxea. Beti izango du bere punttu berezi hori, bai niretzako eta baita ere Santiagotarrak-eko kirolari guztiontzako.