Amute-Kostako zenbait eraikinen egoeragatik kezka agertu du PSE-EEk
Aurki eraikitzen hasiko diren promozioei ekin aurretik, zaharkituenei «azterketa tekniko osoa» aurrera eramateko galdegin du talde sozialistak.
Kezka agertu du Hondarribiko PSE-EEren udal taldeak Amute-Kostako hainbat eraikinen egoera «txarragatik». Azaldutakoaren arabera, bereziki kezkatuta dago udal taldea «aurki eraikitzen hasi behar diren promozio berrien ondoan» daudenengatik. Hori dela eta, lanekin hasi aurretik, Hirigintza departamentuko teknikariek «azterketa tekniko osoa» egin dezaten eraikin horietan galdegin dio talde sozialistak EAJren udal gobernuari.
Ez da lehen aldia Noemi Odriozola zinegotziak gai honen inguruko «kezka» helarazten diola tokiko gobernuari. Gogoratu duenez, Tecnaliak 2011. urtean egindako diagnosiaren arabera, «Amute-Kosta, udalerriko beste bi auzoekin batera, maila ezberdinetako esku hartzeak beharrezkoak dituen berrikuspenerako gune gisa izendatu zuen».