Sortu: «Euskal Herrian txertoak behar ditugu, doakoak, publikoak eta unibertsalak»
Euskal Herrian ere txertoaren kudeaketa polemikoa izaten ari dela diote, «Madril eta Parisen irizpideen eta banaketaren menpe gaudelako euskal herritarrok». Osasun sistemaren planifikazio eta inbertsio falta salatu dute.
COVID-19ari aurre egiteko erakundeek abiatutako txertaketaren kudeaketa gogor salatu du Irungo Sortuk, hedabideei bidalitako ohar batean. Txertoen atzetik interes handiak daudela diote, eta farmazia enpresa multinazionalek txertaketaren onuradun ekonomikoak eramango dituztela. «Logika kapitalista berari jarraituz, ezagutza eta banaketa unibertsalizatu beharrean, patenteen bidez produkzioa eta banaketa pribatizatzen ari dira enpresa horiek. Herrialde aberatsek erosi dituzte dosien gehiengoak hasiera batean, ipar globalaren eta hego globalaren arteko segregazioa berriz ere agerian utziz eta elkartasun printzipioz ahaztuz», esan dute.
«Kapitalismorik basatienaren logika» horren aurrean, Kuba herrialdearen adibidea jarri du Sortuk, «printzipio sozialistak oinarri, txerto erabat publikoa garatzen» ari baita, Kubaz gain, bestelako herrialdetan ere banatzeko amoz.
Euskal Herrian ere txertoaren kudeaketa polemikoa izaten ari dela diote, «Madril eta Parisen irizpideen eta banaketaren menpe gaudelako euskal herritarrok». Osasun sistemaren planifikazio eta inbertsio falta salatu dute, txertaketa prozesua «uste eta behar baino motelagoa izaten ari delako». Azkenik, «VIP txertaketen auziaz» aritu da Sortu, eta azken asteotan legez kanpo txertatu diren politikariak «egoismoaren, bentajismoaren, gardentasun faltaren eta gauzak egiteko modu negargarri baten eredu» direla erantsi dute amorruz.
Egoera honen aurrean, herritarrek txertoak behar dituztela ozen esan dute, «doakoak, publikoak eta unibertsalak, guztion eskubidea delako, ez pribilegio bat». Bestetik, aldaketa politiko eta sozialaren txertoaren garrantzia nabarmendu dute, «burujabetzaren eskutik» etorriko den sakoneko aldaketa hori beharrezkotzat jo baitute.