Hondarribiko langabe gehienak emakumeak eta 45 urtetik gorakoak dira
Herriko langabezia tasa orokorra %7,8koa da, pandemia hasi aurretik %7,5ekoa zen bitartean. Herriko 348 emakume eta 282 gizon daude lanik gabe.
Lanbidek jasota dituen datuen arabera (abenduaren 31koak), 630 langabe daude Hondarribian (%7,8ko tasa). Horietatik gehienak emakumeak dira, 348 orotara (%9ko tasa). Gainontzekoak gizonak dira, 282 (%6,7ko tasa). Gainera, langabezian dauden hondarribiarren artean gehienak 45 urtetik gorakoak dira, 301 denera; horietan artetik 171 dira emakume, eta 130 gizon.
2020ko otsailaren azken egunean, koronabirusaren pandemia hasi aurretik alegia, herrian 606 pertsona zeuden lanik gabe, %7,5eko tasa orokorrarekin. Horietatik 349 ziren emakumeak eta 257 gizonak. Beraz, iazko otsailetik abendura 24 pertsonatan hazi da herriko langabeen kopurua.
2020ko azken eguneko datuei erreparatuz, adin banaketari zehazki eta 45 urtetik gorakoen datuaz gain, nabarmentzekoa da 26-44 adin tartekoen artetik 261 direla lanik gabe dauden hondarribiarrak (120 gizon eta 141 emakume). 25 urtetik beherakoen artean 68 dira Lanbiden izena emanda daudenak.