«Irungo etorkizunerako bermeak nahi ditugu»
Udal gobernu berriak aurkeztutako eta datorren astean Udalbatzan eztabaidatuko duten Gobernu Programaz aritu dira jeltzaleak. «Helburu zehatzik gabekoa» dela salatu dute.
Datorren astean eztabaidatuko dute talde guztiek udal gobernu berriak aurkeztutako Gobernu Programa, eta horren harira, Irungo EAJ taldeak zenbait kontu argitu nahi izan ditu. Aurkeztutako programa «helburu zehatzik gabekoa» dela esan dute lehenik, «Irunek aurrera egin dezan helburu eta proiektu argirik gabea». Gobernu akordioaren hasierako hausnarketa «anbiziorik gabekoa» dela erantsi dute.
«Dokumentu honek ez du ez bermatzen ezta laguntzen ere, udal ekintzen betetze mailaren balorazio egokia egiten. Ezta gobernuak herritarrekin hartzen dituen konpromisoen jarraipen eraginkorra eta zehatza egiten ere. Ez guk, ez herritarrek, ezta gobernuak berak ere. Irunek agintaldian zehar gure hirian egin eta amaituko diren ekintzak zehazteko tresna bat behar du. Irunek 2020-2023 Kudeaketa Plan Estrategiko bat beharko luke, eta hala aipatu dugu behin baina gehiagotan. Izan ere, jakin badakigu, plangintza hiria behar bezala garatzeko eta garatzeko bermea dela. Egitasmorik gabe aurrera egitea, segurtasunik eta egonkortasunik gabe ibiltzea da», esan du Xabier Iridoy bozeramaileak.
Irunek «berme gobernu» bat behar duela nabarmendu du bozeramaileak, «ongi definitutako konpromisoak dituena, eta data jakin batzuetan helburu jakin batzuk lortzeko lanean ariko dena».
Hurrengo astean eztabaidatuko dute talde guztiek koalizio gobernu berriak aurkeztutako programa, osoko bilkuran. Halere, jeltzaleek salatu dute bilkura horretan oposizioko taldeek «proposamen mugatuak» egin ahalko dituztela, eta horiek udal gobernuarentzat «ez direla lotesleak izango». Jose Antonio Santano alkateak hori jakinarazi ziela salatu dute jeltzaleek, hau da, gobernua ez da behartuta egongo onartutako proiektu eta egitasmo berriak betetzera, nahiz eta horiek bilkuraren gehiengoa izan. «Joera guztiz alderdikoia, proposamen berriei leku uzten ez diona eta desberdinen arteko lankidetza ahalbidetzen ez duena. Akaso gobernuak ez du aintzat hartzen gainerako taldeen lana? Zertarako proposatu, gero agian ezer kontuan hartuko ez bada?», erantsi du Iridoyk.
Amaitzeko, jeltzaleek gogoratu dute Irunek etorkizuna duela, «elkarrekin aurrera egiten badugu, positiboki, erantzukizunez, proiektu ilusionagarri, berritzaile eta gauzagarriekin». Ildo horretan proiektu ugari dituzte jeltzaleek, hala bola, Via Irun anbizio handiagoarekin garatzea, trenbide arraila behin betiko ezabatzea, Bidasoaren integrazioa edo Txenperenean kirol instalazio egokiak egitea. Finean, «Irun berde, aitzindari, eraginkor, berdintasunezko, dinamismo ekonomikodun eta etorkizunekoa» bultzatzeko konpromisoa hartu du EAJk.