«Arazo fisikoak eta emozionalak gure gorputzean idatzita geratzen dira»
Aitonaren ogibidea oinordetzan sentituta, Bixente Artolarekin ekin zion masajea ikasteari. Handik urteetara erabaki zuen Thailandiara joatea. Emozioen eta fisikoaren arteko oreka da gakoa, eta hori mantentzen laguntzea da haren lana.
Zertan datza Thai osteopatiak? Zeintzuk dira zure diziplinen berezitasunak?
Hainbat osteopatia eskola daude munduan. Azken finean, teknika ez intrusiboen bitartez oreka estrukturala bilatzen dugu. Oreka estrukturala da, eskeletoa eta muskulatura, lotailuak, tendoiak… bat egitea eta orekatzea. Desblokeo fisikoak eta emozionalak egiten ditugu gehienbat. Hainbat eskola horien artean, nik thailandiarra aukeratu nuen. Masaje tradizional thailandiarra, osteopatia thailandiarra edo lagundutako yoga ere esaten zaio, eta mugimendu batzuen bitartez zu desblokeatzean datza. Gure bizitzan gertatutako arazo fisiko eta emozional guztiak gure gorputzean idatzita geratzen dira. Blokeo horiek askatzea da lortu behar duguna, nahiz eta pertsona batzuk osatu nahi ez izan, kontziente ez badira ere. Nik ez ditut pazienteak sendatzen, sendatzen laguntzen diet.
Fisikoa eta emozionala behar du izan orekak? Ez dago bata bestea gabe?
Horixe. Mens sana in corpore sano. Bitxia da, baina demagun desilusio bat izan duzula. Hori gorputzean idatzita geratzen da, sorbaldetan zehazki, eta horregatik sartzen ditugu barruraka, gure bihotza babesteko. Izan ere, penaz ere hil daiteke jendea. Orain, bi bide daude hori konpontzeko: emozioaren bidez hori irekitzea, edo Thai osteopatiaren bitartez askatzea. Bi bide daude emozioak sendatzeko: bata, emozioen bitartez, eta bestea, gorputzaren bidez.
Patologia berak paziente ezberdinengan errepikatzen dira?
Modu kuantikoan denak konektatuta gaude, eta gerta liteke, astelehena iristea, eta paziente guztiak belaunean minez daudelako etortzea. Sasoiaren arabera ere patologiak errepikatzen dira, adibidez, udazkenean, sorbaldak eta belaunak. Bitxia da, baina udazkenak zer ematen du? Aza. Bada aza plantxan berotuta, antiinflamatorio oso ona da.
Esan dudan bezala, sare kuantiko horren bitartez, ez soilik arazo fisikoek baizik eta emozionalek ere lotzen gaituzte. Adibidez, konfinamenduak min emozionala eta fisikoa eman zigun denoi. Kasu horiek areagotzen joan dira eta jendea antzeko sintomatologiarekin etortzen hasi da. Konturatzen ez garen moduan gaude konektatuak.
Zein patologientzako dira gomendagarriak zuk landutako diziplinak?
Thai osteopatia eta masajea kontaktua dira. Guk kontaktua behar dugu, hain zuzen, garai honetan gehien murrizten ari zaiguna. Pazientea ukitzean hasten da sendatzeko prozesua, baita bera entzutean ere. Fisikoak diren patologiei zein emozionalei aurre egiteko balio du Thai osteopatiak. Azken horiek, esaterako, antsietatea, beldurrak, haurtzaroko blokeoak… izan daitezke. Beraz, desblokeoen bitartez azaleko geruza horiek guztiak altxatzen goaz, lurperatu duten horretara [blokeora] iritsi arte. Saioa amaitzerakoan, normalean, erantzunak etortzen zaizkie pazienteei. Ametsen bitartez izan daiteke edo beste modu batera, baina erantzunak gure baitan daude. Fisikoari dagokionez, ezin ditut denak zerrendatu, baina izan daiteke, migraina, tendinitisa, hilerokoa…