HAPOaren aurkako laugarren epaiari kasazio errekurtsoa jarriko dio berriro udalak
Gaia jorratzeko ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo Hondarribiko Udalak; soilik EAJk egin du helegitea aurkeztearen alde.
Iazko ekainean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurkako lehen sententzia plazaratu zuenetik errepikatzen ari den irudia utzi du, berriz ere, Hondarribiko Udalbatzak. Izan ere, joan den astean ezagutarazi zuten epaileek HAPOaren aurkako laugarren epaia, eta horrekin desadostasuna agerian utziz, kasazio errekurtsoa aurkezteko ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo udalbatzak.
Beste behin ere, ezustekorik gabe igaro zen plenoa. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak plan orokorraren alde egin zuen, eta beraz, epaitegiek behin betikoz onartu arte helegiteak jartzearen aldeko jarrera agerian utzi zuen. Areago, oposizioaren jarrera zein zen bazekiela adierazi zuen, eta erabakia aldatzeko aukerarik ez zuela erantsi.
Oposizioak hitza hartu zuenean, erabakiaren aurkako jarrera argi adierazi zuten, berriro. Abotsanitz Herri Batzarreko Igor Enparan bozeramaileak Franciso de Leon Arquitectura y Urbanismo enpresak egindako lana kolokan jartzeaz gain, udal erakundearentzat izandako kostua kritikatu zuen: «800.000 euro gutxienez kobratu zituen, konkurtsoan adierazitakoaren ia bikoitza, eta aurkeztutako dokumentuak ez zuen legeak ezarritako gutxienekoa betetzen».
PSE-EEren udal taldeko Noemi Odriozola zinegotziak, batetik, plan orokor berria idazteko «baliabideak» zeintzuk diren argitzeko galdegin zuen, eta Iosu Alvarez sozialisten bozeramaileak, bestetik, egoera «nahaste hutsa» zela iritzi zion.
Egoera «arazo larritzat» jo zuen, bere aldetik, EH Bilduren udal taldeko Xabier Isasik, eta planak «milioi bat euroren bueltan» kostatu zitzaiela herritarrei nabarmendu zuen. Harago jo zuen koalizio abertzaleko hautetsiak kritiketan: «Urte asko, eta diru asko, kostatu zuenak epaitegietan bertan behera utzi dute betebeharreko batzuk egin gabe utzi zituztelako».
Hasieran aipatu bezala, ezustekorik gabe igaro zen ezohiko plenoa. EAJren udal taldeak kasazio errekurtsoaren alde egin zuen, eta oposizioak, aurka. Gehiengoa baliatuz helegitea jartzea onartu zuten, beste behin, jeltzaleek. Gogoratzekoa da, kasazio errekurtsoak aurkeztu bitartean HAPO berri bat idazten ari direla Hirigintza departamentuan. Hori horrela, krisi egoeran egonda, plan orokorraren auziaren inguruan udal erakundeak gastatutako diru kopuruan indarra jarri zuen oposizioak.