[Erreportajea] Josturak lehertzeko zorian
Honaino iritsi direla esan dute osasungintza publikoko langileek. Lan baldintza duinak, lan karga gutxitzea, eta bitartekoak eskatu dituzte. Osasun sistema publikoa babestea, hil ala biziko kontua bihurtu da.
COVID-19aren hirugarren olatu betean, agertoki iluna iragarri dute aurreikuspenek ospitaletan. Osasungintza publikoan ari diren langileek aspaldiko eskaera dute osasun sistema publikoa indartzeko beharra, itoko ez bada. Pandemiaren iritsierak, ordura arte, ustez, kalitatezkoa zen eta osasuntsu zegoen osasungintza publikoaren beste aurpegi bat utzi zuen agerian: kolapsatzeko puntuan izan zen oinarrizko zerbitzu publikoarena. Lehen Arreta zerbitzuan jarri dute fokua azken urteetan; hori da herritarrengandik hurbilen dagoena, eta nolabait, osasungintza publikoko sistemaren lehen katebegia; indartsua behar badu ere, ahul dago, eri. Indartzea ezinbestekotzat jo dute osasun langileek zein herritarrek, zainketa bereziko unitatean dagoen osasungintza publiko kalitatezkoaren biziraupena bermatuko bada.
Testuinguru horretan heldu zen atzo osasungintza publikoan gehiengo sindikalak deitu zuen greba eguna; eta testuinguru horretan helduko da ere biharko Irunen Behe Bidasoko Osasungintza Publikoaren Aldeko Hiritar Plataformak deitu duen manifestazioa.
Iazko urrian egin zituen lehen urratsak plataformak, eta oraindik ere eratzen ari dela azaldu du Ivan Clementek; bultzatzaileetako bat da. Prozesuak luze joko duela dio: «Halako mugimenduak sortzea kosta egiten da. Orain arte egin duguna da osasungintzako langileek deitutako mobilizazioetara batu, babestu eta indartu ahal dugun neurrian erakusteko, nolabait, osasun sistema publikoaren aldeko borrokan ez daudela bakarrik; herritarrak ere hor gaude, eta izango gara».
Hasierako bost laguneko taldea hirukoiztu eta hamabost lagun dira egun talde eragilean, «horrek erakusten du poliki-poliki handitzen ari dela plataforma». Hainbat elkarretaratze eta agerraldi eginda, bihar hitzordua egin dute, manifestaziora deitu dituzte herritarrak kalitatezko osasun sistema publikoaren alde, «gai honek guztiok ukitzen gaitu eta erantzun beharra dago». Ez du zalantzarik. Biharko manifestazioa handia izango dela dio Clementek, egoerak hala eskatzen baitu: erantzun handia eta berehalakoa. «Finean guk ordaintzen ditugu zergak, baita neoliberalek duten funtzionatzeko modu erratikoaren ondorioak ere; horren aurrean badagokigu zerbait esatea», dio irundarrak.
Ez da manifestazioarekin, eta oro har, plataformak deitutako mobilizazioekin bat egiteko arrazoi bakarra. Elkartasuna adieraztea litzateke beste bat, «eta geurea denaren alde borrokatzea. Erantzukizuna dugu». Hirugarren arrazoia, eta Clementeren esanetan, oso garrantzitsua, «zarata egitea» da: «Aurrekontuen negoziazioan gaude orain, eta badirudi, inbertsioa osasungintza publikoan ez dela izango behar dena aurten ere».
Egungo osasun sistema publikoaren gaineko egoeraz galdetuta, ez du zalantzarik pertzepzioa bat izan dela jendartean, eta COVID-19aren pandemiak beste errealitate «ezezagun» edo «ezkutukoa» utzi duela agerian: «Beti sentitu dugu kalitatezko osasun sistema publikoa genuela, baina oso prekarioa dela utzi du agerian pandemiak, eta ez dela gai osasun krisiari aurre egiteko. Lehen mailako arreta zerbitzuan ere bete-betean jo du, eta krisialdiaren aurretik dagoneko zuen saturazioa areagotu egin du. Baliabide urriak dituzte, baita langile kopuru txikiegia ere. Ezinbestekoa da inbertsio handiagoa egitea». Gogor kritikatu ditu Clementek politika neoliberalak. «Bizitzako arlo guztiei errentagarritasuna atera nahian ibiltzen dira, baita osasungintzari ere. Goxokia da kapital pribatuarentzat».
Azken horretan jarri du arreta, sinistuta baitaude osasungintzaren pribatizazioa dela asmoa: «Lehenengo zerbitzu publikoa hondatzen dute bestearen beharra justifikatzeko, sistema pribatua erabiltzeko kultura zabaltzen dute ondoren, eta hobeto funtzionatzen duen sistema paraleloa sortzen dute gero; horrekin, baina, biztanle asko eta asko kanpoan gelditzen dira. Inpresioa dugu bide horretan ari direla». Pribatizazio arrisku horri aurre egin eta osasun sistema publikoa indartu eta bermatzeko ezinbestekoa jo du elkartu eta mobilizatzea: «Herritarrok eskura ditugun tresnak mobilizazioak eta horrelako plataforma edo mugimenduak sortzea dira. Ezinbestekoa da kalera ateratzea eta politikari eta erakundeei esatea osasun sistema publikoa defendatzeko prest gaudela. Horren adibide dugu mugimendu feminista edota pentsiodunena, indar ikaragarria hartu dute azken urteetan. Horiek dira gure tresnak, herritarrok ahaldundu egin behar dugu eta kalera atera geurearen alde».
Asko eta askorentzat ez da agertoki posible bat, baina osasun sistema publikorik gabeko egoerara irits daitekeela dio Clementek: «Irudikatzea zaila da, baina bide horretan goaz, eta hori ere bada plataforma honen lana, jendeari erakustea egoera latza dela, gure esku dagoena egin behar dugula kalitatezko osasun sistema publikoa babesteko».
Presio handiarekin lanean
Osasun sistema publikoa lehen eskutik, barru-barrutik ezagutzen du Endika Intxausti sendagile oreretarrak. Irungo Dunboako Osasun Zentroko familia medikua da. Bere buruarekin borroka latza izan duela aitortu du atzoko greba egunaren harira, «egun bakar bat gelditzen dugunean agintariek gutaz barre egiten duten sentsazioa daukat; nahiago nuke greba amaigabea balitz».
Pertsonal eta bitarteko falta egunero pairatzen ditu Intxaustik: «Arlo guztietan langile falta handia dago, aurretik lan gainkarga handia genuen, eta orain areagotu egin da: ordezkapenak, oporrak, bajak, ezin bete gabiltza, gure artean betetzen ditugu. Zuzendaritzak orain ez omen du profesionalik lortzen; normala, jendea baldintza hobeak dituen lekutara joan delako lanera. Hori gutxi balitz, baliabide eskasak eta zaharkituak ditugu eta prebisio falta ikaragarria». Azken hori, nahita egina ote den errezeloa ere badu sendagileak.
Eskaerak zehatzak dira: Europan egiten diren inbertsioen parekoak egitea osasungintza publikoan, edo gauza bera dena, diru publikoa guztiontzako zerbitzuetan gastatzea; plantilla handitu eta aldi baterako lanarekin amaitzea; lan baldintza duinak bermatzea; murrizketak bertan behera uztea; eta pribatizazioa gelditzea dagoeneko pribatizatu direnak lehengoratuta. Clementek esan duen moduan, COVID-19ak ahul dagoen osasungintza publikoa utzi duela agerian dio Intxaustik. «Baliabide eskasekin langileen bizkar gainean kili-kolo mantentzen den osasun sistema publikoa dugu: pertsonal falta handia dago, eta zuzendaritzak inbertitzeko asmorik ez duela erakutsi du».
Egunerokoa ere gogorra da, neurri bereziekin ari dira lanean lehen lerroan, «aforoa murriztu beharra dago, eta sarbidea eta artatzeko modua aldatu behar izan ditugu pazienteak babesteko». Dituzten pazienteak lehenik telefonoz kribatzen dituztela azaldu du Intxaustik, ondoren presentzialki txandatzeko poliki-poliki; kontsulta presentziala behar ez dutenekin, telefono bidez egiten dute jarraipena. Urgentziak artatzen dituzte, eta etxetako bisitak ere egiten dituzte: gaixotasun kronikoak dituztenak, adinekoak, ezinduak… ikusteko. Horrekin batera, administrazio lan akigarri pila egiten dituztela erantsi du.
Egunero entzuten dituzte kexak pandemia heldu zenetik: «Batzuk, guregana iristen direnak, baloratzen dute baldintza hauetan egiten den lana, baina gehienek ez dute ikusten, ezta ulertzen ere, osasun zentroan egiten duguna. Askok anbulatorioa itxita dagoela edo lana telefonoz bakarrik egiten dugula uste dute; ez dira jabetzen zein presiorekin ari garen lanean».
Osasungintza Publikoaren Aldeko Hiritar Sarea plataforma bezalakoen lana eskertzekoa dela esan du sendagileak. «Herritar talde honek ikusarazten du arazoa gizarte osoarena dela. Kalitatezko osasungintza publikoa gizarte eskubidea da, eta ez dugu galdu nahi, batez ere, hurrengo belaunaldientzako».
Gabeziak agerian pandemiarekin
COVID-19ak osasungintza publikoan dauden gabeziak agerian utzi izana, horiek konpontzeko balioko ote duten galdetuta argi dio Intxaustik ez duela uste: «Hemen egiten diren inbertsioak Europako herrialde aurreratuekin alderatuta penagarriak dira. Osakidetzak duela 30 urte gutxi gorabehera egin zituen azken inbertsio txukunak, eta horiekin bizirauten dugu gaur egun oraindik. Badirudi hemengo agintariek interes pribatuak dituztela, berehalako etekin ekonomikoak bilatzen dituzte, eta osasungintza publikoak ez du dirurik ematen».
Kalitatezko osasungintza publikorik gabeko agertokia irudikatzea duen galdetuta, ez du zalantzarik: «Zoritxarrez, bai. Botereak osasungintza pribatua nahi du. Horrek bai, horrek dirua ematen du, eta gure agintariek harantz bultzatuko gaituzte. Itxaron zerrendak handitzen joango dira, pertsonal gutxiago, lan baldintza kaskarragoak, zerbitzu gutxiago, kalitate baxuagoa… Dirua daukanak zerbitzu pribatuak erabiliko ditu, aseguru pribatuak. Hori da bilatzen dutena, pribatizazioa, eta gizartea manipulatuko dute hori gerta dadin. Gizartea behar dute konplize».
Agertoki hori egi bihur ez dadin borrokan ari dira osasungintza publikoko langileak, baita herritar ugari ere. Biharko Behe Bidasoko Osasun Publikoaren Aldeko Hiritar Sareak deitu duen manifestazioak ere hori aldarrikatuko du: kalitatezko osasun sistema publikoa. Hori bermatzeko, ordea, garrantzitsua da sarearen hitzetan jendea kalera ateratzea, indar erakustaldia egitea kalitatezko osasun sistema publikoaren alde.
Osasungintza publikoaren josturak lehertzear daude, erabateko presioa jasaten ari delako, gainkarga ikaragarria. Jostura horiek tajuz pasaraztea dagokio gizarteari, bihar ere herritar orok izan dezan kalitatezko osasun sistema publikoan artatua izateko eskubidea bermatuta. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Irun Erdialdeko anbulatoriotik, eta San Juan plazan amaituko da.