[Erreportajea] Eraldaketarantz trekkinga
Nepalgo emakume nerabe eta neskekin hezkuntza proiektua garatzen ari da Nepaldala GKEa Katmandun. Hezkuntza aldaketarako giltzarri izatea da helburua.
Mendirik garaienetara iristeko ateetako bat izateagatik ezaguna da Nepal mundu zabalean. Irudimenak agudo ekartzen ditu lehen planora elurrez jositako mendien argazkia, alfonbren antzeko belardi amaigabeen irudia, edota bertako jendeen arropa koloredunen distira.
Lau urte daramatza Miren Beroz hondarribiarrak Nepalen bizitzen. Kultura, paisaiak eta herritarren izaera goraipatu ditu. «Lurralde zoragarria» dela irudi zaio. Ez du «gauza negatiboez» hitz egin nahi soilik, eta horregatik nabarmendu ditu herrialdearen zein herritarren alde positiboak Nepaldala gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) garatutako hezkuntza proiektuaren berri eman ondoren.
Aitziber Alza herrikidearekin eta Olatz Lasa irundarrarekin batera jendaurrean aurkeztu zuen Berozek GKEa iragan astean, Hondarribian. Nepalgo Far-Western edo urruneko mendebaldeko departamentuan jaiotako neska eta emakume nerabeekin hezkuntza proiektua garatzen ari da GKEa Katmandu hiriburuan. Uneotan, bederatzi neskek parte hartzen dute, eta horri esker, 9 eta 19 urte bitartean ikasteko aukera jasotzen dute.
«Oso langileak dira», azaldu du Berozek. Goizeko 06:00ak aldera hasten dute eguna te bat hartuta. Ikastetxera joan aurretik matematika eta zientzia eskola partikularrak jasotzen dituzte etxean, eta ondoren, 09:00etatik 16:00etara egoten dira eskolan. Etxera itzultzean, uniformea kendu, askaria hartu, eta ingelesarekin eta etxekolanekin buru-belarri aritzen dira beste bizpahiru orduz.
«Eguna ikasten pasatzen dute», kontatu du hondarribiarrak. Haien herrietatik maila «oso baxuakin» iristen direla Katmandura onartu du. Kirola egiteari edota bestelako txangoei uko egiten dietela maiz ere dio, «gelakideekin diferentzia izugarria nabaritzen dute, eta ezetz esaten dute, ikasten geratu nahi dutela». Izan ere, batzuk «oso azkarrak» diren arren, beste batzuk garuna «herdoilduta» dutela azaldu du kideak: «Ez dute sekula ikasteko aukerarik izan, eta orduan gauza sinpleenak ikastea ere kostatzen zaie. Eta ez da motzagoak direlako, inork ez dielako ikasten irakatsi baizik».
Aukera gutxi, denentzat
Modernizazio bidean dagoen heinean matxismoa antzeman daitekeen arren, Nepalgo ekonomiak eskainitako baliabide urrien ondorioz, gizonek zein emakumeek «zail» dutela argitu Berozek. Gizonak eraikuntzaren sektorean lan egitera Indiara joaten direla azaldu du, baina baldintzak «oso-oso txarrak» izaten direla eta askotan lan istripuetan hiltzen direla erantsi du. Hortaz, herrietara joatean soilik emakumeak eta ume txikiak egon ohi dira, eta den-dena haien ardura da: etxea, zaintza, kanpoko lanak…
Emakumeak etxe barrurako zein kanporako langiletzat kontsideratzen dituztela dio Berozek. Horrela, mutil bat jaiotzen den aldiro familiek ospatzen duten bitartean, nesken jaiotzarekin ez da berdin gertatzen. «Zergatik? Mutila egunen batean lanera joango delako, eta ezkontzen denean emaztea ekarriko duelako etxera, beste langile bat gehiago ekarriz». Neskek, ordea, handitu arte etxean lan egingo dute, ezkondu eta beste familia baten parte izatera igaroko dira. «Maite duten arren, egunen batean alde egingo duela dakite», erantsi du.
Hori horrela, neskek bizitza «kaxkarra» dutela iritzi dio GKEko boluntarioak. «Beti lanean» daudela adierazi du, eskolan izena emanda egon arren ez direla joaten, eta oso gazte ezkontzera behartuak direla. Are gehiago, aurkezpenean salatu zutenez, emakume asko desagertzen dira.
Hori guztiari kasten gizarte sistema gehitzea ezinbestekoa deritzo Berozek. Katmandu bezalako hirietan ez zaiola garrantzirik ematen azaldu du, baina bai ordea herri txikietan. Zama psikologiko eta soziala eragiten diela onartu du, baina proiektuan parte hartzen dutenen artean ez dela bereizketarik egiten adierazi du.
Emakume gazteen ezkontzak, kasten sistema soziala edo chhaupadi-aren –hilerokoaren gaineko tabua– tankerako egoera eta ohituren inguruan hausnarketa bultzatu nahi du hezkuntza proiektuaren bitartez GKEak. «Guk ez diegu sekula esango gaizki ote dagoen uste dugun edo ez», adierazi du, «baina haiek pixkanaka zenbait gauza zalantzan jartzen hasi dira».
Izan ere, hori da, hain justu, boluntario taldeak bilatzen duen helburuetako bat: pentsamendu kritikoa bultzatzea. Hezkuntza aldaketaren gidari izatea bilatzen du GKEak, «denerako tresna» izango baita: «Ekonomikoki irtenbide bat edukitzeko, familia eta bailara laguntzeko, eta gainera, izpiritu kritiko hori pizteko, beraiek aldaketaren tresna izateko».
9
PARTE HARTZAILEAK
Uneotan Nepaldala GKEaren hezkuntza proiektuan murgilduta dauden ikasleak. Katmandun daude.
Kolaborazio moduak. Bazkide eginez, umeren bat babesean hartuz, egitasmoaren aldeko iniziatibak bultzatuz, edo norberak bere ogibidetik ekarpena eginez.