EH Bildu: «HAPO berria egin behar dugu eta garesti aterako zaigu»
HAPOaren aurkako laugarren epaiari kasazio errekurtsoa jartzea, beste behin, ez du begi onez ikusi koalizio abertzaleak. Egoeraren gaineko balorazioa egin du udal taldeak.
Jeltzaleen botoekin onartu zuen atzo Hondarribiko Udalbatzak Hiri Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) salbatzeko laugarren kasazio errekurtsoa. EH Bildurentzat egoerak «ez du atzera bueltarik», izan ere, «gaizki egin zen», eta orain, beraz, «HAPO berria egin behar dugu eta garesti aterako zaigu».
Argi mintzatu zen atzo Xabier Isasi koalizioko bozeramailea, eta are argiago utzi dute abertzaleek euren ikuspuntua zein den: «Lurraldearen antolakundea eta haren erabilerarako irizpide eta lerro nagusiak zehazten dituen araubiderik gabe gaude. Hau da, hurrengo urteetarako eredu ekonomikoak, giza harremanak, naturarekiko erlazioa, eta gure hizkuntzarekikoak, beste gauzen artean, baldintzatzen duen araubiderik gabe gaude».
Hori horrela, plan orokorraren kostua ia «milioi bat euroren bueltan» egon zela gogora ekarri dute, eta hala eta guztiz ere, «epaitegietan bertan behera utzi dute betebeharreko batzuk egin gabe utzi zituztelako». Telekomunikazioei buruzko txostena, nekazaritza eta ekologia eremu balio handiko lurzoruen ingurukoa, generoaren araberako eraginaren gainekoa, eta euskararen erabileran duen eraginari dagokiona, dira, besteak beste, egiteke geratu diren betebeharrak, EH Bilduk salatu duenez.
HAPOa berridatzi eta helegiteak jartzea
EH Bildurentzat bada ulergaitza den beste puntu bat HAPOaren inguruan: «Uztailaren 23ko udalbatzarrean onartu genuen HAPO berria egin behar genuela eta, orduz geroztik, teknikariak lanean ari dira. Horiek horrela, zer dela eta kasazio errekurtsoa aurkeztu?». Izan ere, koalizioko kideak ziur agertu dira epaitegietan «berriro galduko dela eta, horrekin batera, denbora eta baliabide publikoak».
Hori horrela, «negazionisten» moduan aritzea leporatu dio udal taldeak EAJren udal gobernuari, eta «akatsetatik ikasteko» balia dezan aukera galdegin dio. Izan ere, «orain dela 10 urte diseinatu genuen hiri ereduak ez dauka etorkizunik».
Egoera honen aurrean, «aldatu beharrekoak, aldatzera; osatu beharrekoak, osatzera; eta zuzendu beharrekoak, zuzentzera» gonbidatu du EH Bilduk EAJ:
- Masa turismoaren ereduak goia jo du. Gogoeta egin zein nolako turismoa behar duen Hondarribiak. «Etxebizitza turistikoak kontrolik gabe ugaltzea, kasurako, etxekalte da espekulazioa eta bizi maila izugarri garestitzen baitu».
- Zaintza eta gizarte zerbitzuak zabaldu eta indartzea. «Osasun- krisiak erakutsi digu bakarrik erakunde publiko sendoen bitartez lor dezakegula aurrera egitea, osasuna dela, hezkuntza dela, zaintza dela, hizkuntza edota kultura dela».
- Autoaren erabilera intentsiboa sustatzen duten merkatalgune erraldoiak ez dira beharrezkoak, «ez Zaldunbordan, ez inon. Balio ekologiko handiko eremuetan ez dugu 10 urte barruko hondakinik eraiki behar».
- Balioetsi Hondarribiko ondasun naturalak, zaindu, babestu eta garapen sozialerako erabili. «Uraren eta eremu naturalaren enplegu ekologikoa sustatu behar dugu. Horiek ez dira gastuak inbertsioak baizik».
- Hondarribiarrek urte osoan bizitzeko hiria merezi dute. «Neguko, udaberriko, udako eta udagoieneko hiria behar dugu. Higiezinen interes ilunetatik libre, interes partikularretatik harago. Gure tokiko gobernuak bakanen batzuen interesetatik harago begiratu behar du».