Astelehenean hasiko da laugarren A Tempo jaialdia
Otsailaren 1etik 5era bitartean garatuko du Musika eta Dantza Eskolak egitasmoa, nahiz eta aurtengoan, «barrura begira» izan beharko duen.
Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak (HMDE) antolatutako A Tempo jaialdiaren laugarren ekitaldia aurkeztu dute gaur goizean Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak, Esther Barandiaran zentroko zuzendari pedagogikoak, eta Julia Lasa aurtengo kartelaren diseinatzaileak. Otsailaren 1etik 5era bitartean garatuko da egitasmoa, eta aurten, COVID-19ak sortutako osasun egoeraren ondorioz, «barrura begirako» jaialdia izango dela ezagutarazi du Barandiaranek.
Segurtasuna bermatzeko ekitaldiak itxiak izango direla deitoratu du zuzendariak, baina hala ere, «jarduera ezberdinak eta aberatsak» prestatu dituztela erantsi du: «Mimo berezia jarri dugu aurtengo ekitaldian». Esplikatu duenez, «aurtengoa, barrutik pentsatua eta barruan gozatzeko izango da. Eta, beti bezala, ilusio eta gogo handiz prestatua, gure heziketaren beste alderdi batzuk lantzeko xedearekin». Egun horietan ez dela eskolarik izango ohiko ordutegian gaineratu du.
Lasa diseinatzaile eta ilustratzaile hondarribiarrak bere aldetik, «poz handiarekin» ekoitzi duela lana adierazi du, eta dantzari batean oinarrituta Mikel Laboari keinu bat egin nahi izan diola azaldu du: «Dantzari baten irudia da, bere irudimenari hegan egiten uzten diona musika jarraituz, Mikel Laboaren Txoriak Txori buruan izanda».
Eskertuta agertu da Kultura zinegotzia, bere aldetik, HMDEk «Hondarribiko kultura aberasteko egiten duen lan bikainagatik». Gaineratu duenez, «1992tik Hondarribian arautu gabeko musika ikasketak eskaintzeko dagoen sistema da eta hondarribiarrentzat garrantzi handikoa dela uste dugu. Ia 30 urte hauetan, musika eta pedagogia aldetik oso emaitza onak eman dituen sistema bat dela argi dugu».
Hori horrela, taldeak eta ordutegiak mantendu direla erantsi dute antolatzaileek, eta beraz, datorren astean jasoko dutela informazio zehatzagoa.
Egitaraua
- Guraso, ikasle heldu eta irakasleei zuzendurik Educación musical, nuestra mejor inversión izenburuko hitzaldia eskainiko du Musikeneko irakasle Maria Jose Aranberrik, online eta gaztelaniaz.
- 4, 5 eta 6 urteko Musika Heziketa Goiztiarra taldeko ikasleek Txotxongilo tailerrarekin gozatzeko aukera izango dute Ostomila Txotxongilo Taldearen eskutik.
- Musika Hizkuntzako 1. eta 4. mailako ikasleentzat Perkusio tailerra eskainiko du Jaime Atristain Mancisidorrek.
- Musika Hizkuntzako 2. eta 3. mailako ikasleek Euskal Emakume Artistak izenpeko tailerra aukeratu ahal izango dute. Bertan, taldeka, instalazio bat osatuko dute eskolako sarreran. HMDEko Ainara Galarza Ugartek zuzenduko du jarduera.
- Kultura irakasgaia hartzen duten ikasleentzat zein Froga taldekoentzat, Eskola Barrutik tailerra antolatu dute. Bertan, ikasle horiek egindako argazkien bidez gaur egungo eskola zertan den azalduko dute.
- Musika Tresnako 3. mailako ikasleek eta ikasle helduek bi emanaldi eskainiko dituzte.
- Dantza Klasikoa eta Euskal Dantzako ikasleentzat klase berezia izango da Myriam Perez Cazabon dantzariaren eskutik.
- Soka ikasleek ere klase berezia jasoko dute Rebekka Riedel biolontxelistaren eskutik.