Talaia ikastetxeko garraio zerbitzua zabaltzeko eskatu du PSE-EEk
Eusko Jaurlaritzak eskainitako zerbitzua izanik, ibilbidean zehar gertuen dauden geltokiak ahalbidetzeko elkarrizketa prozesua has dezan eskatu dio Iosu Alvarezek Txomin Sagarzazuri.
Talaia ikastetxeko autobus zerbitzuan geltoki gehiago ahalbidetzeko eskatu du gaur Iosu Alvarez Hondarribiko PSE-EEren udal taldeko bozeramaileak. Txomin Sagarzazu alkateari zuzendu zaio sozialista, Eusko Jaurlaritzak eskainitako debaldeko zerbitzua izanik, Hezkuntza Sailarekin elkarrizketa prozesua has dezan galdeginez.
Bozeramaileak azaldu duenez, «ikastetxetik 2 kilometro baino gehiagora bizi diren hondarribiarrek daukate eskola garraioa erabiltzeko eskubidea». Hala ere, ia 2 kilometrora bizi diren ikasle ugarik ezin dutela zerbitzua baliatu argudiatu du, esaterako, «Alde Zaharrean bizi direnak. Gogoratu behar dugu autorik ez duten gurasoak daudela, inguru oso euritsu batean bizi garela, eta umeak ikastetxera oinez laguntzeak kontziliazioa zailtzen duela».
Hori horrela, autobusaren ibilbidean aldaketarik egin gabe gertuen dauden geltokiak ahalbidetzea eskatu du bozeramaileak, «are gehiago autobusean leku libreak daudela kontuan hartuta». Herritarren beharrak asetzeko autobus urbanorik ez dagoela ere oroitarazi dio Alvarezek Sagarzazuri.