'Kotondarrak' txotxongilo emanaldia ikusgai Anita Maravillas konpainiaren eskutik
Igandean taularatuko du taldeak 5 urtetik gorako haurrei zuzendutako ikuskizuna, Itsas Etxea auditoriumean, 17:30ean abiatuta.
Familiei zuzendutako Kotondarrak txotxongilo emanaldia eskainiko du Anita Maravillas konpainiak igandean (hilak 31) Itsas Etxea auditoriumean, 17:30ean. 5 urtetik gorako umeei bideratuta dago ikuskizuna. Sarrerak 4 euroan daude salgai Arma Plaza informazio gunean eta ondoko atari digitalean.
Konpainiak zabaldutako informazioaren arabera, mende hasierako ehungintza industrian emakumeek aurrera eramandako langile borroketan inspiratuta jaio zen Kotondarrak. Industria iraultza betean, familia baten begiradaren bidez iruditegi bisuala sortu du taldeak. Hortaz, industrializazioaren iritsieraz, herrietatik hirietara emigrazio prozesuaz, lantegietan bizitako baldintza gogorrez… mintzo da antzezlana, baina horrekin batera, «emakume haien ereduaz ere hitz egin nahi dugu, elkarrekin arituz bizitza duinak lor zitzaketela ulertu baitzuten».
Sinopsia:
Sorterriko arriskuak atzean utzita Koton familia hirira abiatuko da bizitza eta aukera berrien bila. Hiriko teilatu, argien eta lantegiko makina eta oihalen artean, amak eta bi alabek abentura berriak eta arrisku ezezagunak biziko dituzte. Baina, oraingoan, ez daude bakarrik eta gogor ekingo diote zoriontsu izateko nahiari.