Alarde eremuan hamar etxebizitza eraikitzeko proiektua onartu du IRUNVIk
Azken proiektu honetan bi logelako bost etxebizitza, hiru logelako lau eta mugikortasun urriko pertsonentzako egokitutako logela bakarreko etxebizitza bat eraikitzea aurreikusi dute.
IRUNVIko Administrazio Kontseiluak Alarde eremuan alokairuzko babes ofizialeko hamar etxebizitza eraikitzeko oinarrizko proiektua onartu berri du, 2020ko aurrekontuetan EH Bildu koalizioak aurkeztutako zuzenketa baten ondorioz. Etorkizuneko eraikinaren lurzatia Lapitze kaletik gertu aurki daiteke.
Etxebizitzez gain, eremuaren antolamendua osatuko dute, babes ofizialeko beste 42 etxebizitza eraikitzekoak baitira bertan (iaz onartu zuten 42 etxe berri egiteko proiektua), eta IRUNVIk kudeatuko ditu horiek ere. Beraz, Alarde eremuan 50tik gora etxebizitza berri aurreikusi dituzte.
Elkarrekin Podemos-IU taldeko bozeramaile David Nuñok udal gobernu berriak alokairuzko etxebizitza sustatzeko konpromisoa berretsi du gaur udalean, PSE-EE eta EH Bilduko ordezkariekin batera eskainitako agerraldian. «Beti defendatu izan dugu Irunek babestutako alokairuko etxebizitzen eskaintza zabala izatea, eta hori bereziki garrantzitsua da osasun- eta ekonomia-krisi garai hauetan., Bereziki garrantzitsua da familiarik zaurgarrienek ordaindu ahal izateko moduko arrazoizko alokairuekin konprometitzea. Horregatik, udal honen gobernu programan dator konpromiso hori», esan du Nuñok.
IRUNVIk onartutako azken proiektu honetan bi logelako bost etxebizitza, hiru logelako lau eta mugikortasun urriko pertsonentzako egokitutako logela bakarreko etxebizitza bat eraikitzea aurreikusi dute.
EH Bilduko kide Oihana Brionesek, bestalde, ontzat jo du taldeak 2020ko aurrekonturako akordioaren inguruko zuzenketa hau praktikan jarri izana. «Joan den urteko aurrekontua negoziatu genuenean, lehen mailan jarri nahi izan genituen etxebizitza gaiak. Aurrez ere esan dugu akordio hau ona dela alde kualitatibotik zein kuantitatibotik. Gaur, alokairu babestuko hamar etxebizitza berriren eraikuntzaren berri ematen dugu. Izango dira gehiago, baina, batez ere, kopuru zehatzez harago, Udalak alokairu babestua martxan jarri izanak pozten gaitu», esan du Brionesek.
Ezaugarriak
Gaurkoan erantsi dutenez, proiektuak eraikuntza eraginkorraren esparruko faktore nabarmenak hartuko ditu barnean. Passivhaus estandarraren oinarrizko printzipioak betetzen ditu, honakoak: isolamendu termikoa hobetzea, leiho eta ateek ezaugarri tekniko bikainak izatea, zubi termikorik ez izatea, airea hermetikoa izatea eta aireztapen sistemak beroa berreskuratzea.
Etorkizuneko eraikinak «konfort maila handiak» lortuko dituela esan dute udaletik. Zurezkoa izango da, eta aerotermikoa: zurezko xafladun hegalen bidez babestuko da eguzkitik eta eraikinak bi norabideetara emango du, aireztapen gurutzatua baliatu ahal izateko. Amaitzeko, eraikinaren inguratzailea teila zeramikozko estalki bat izango da.
Lanak 2021ean zehar hasiko dituztela iragarri du udalak eta 2023 erdialdean entregatuko dituztela.