HAPOaren aurkako laugarren epaia kaleratu du EAEko Auzitegi Nagusiak
Abotsanitzek eman du epaiaren berri, eta aurrekoekin alderatuta ezberdintasun bat dagoela iritzi dio: "Jeltzaleek orain arte aurkeztutako helegiteei erantzun diete zeharka epaileek".
“Telekomunikazio txostena ez egiteak HAPOaren erabateko deuseztasuna dakar”. Hala ezagutarazi du Abotsanitz Herri Batzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak Hondarribiko Hiri Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) aurkako laugarren epaia. Jaizkibel SA enpresak aurkeztutako errekurtsoari erantzun diote epaileek.
Oraingoan, baina, sententziak bestelakotasun bat du aurreko hiruekin alderatuta, Abotsanitzen esanetan. Izan ere, orain arte EAJren gobernu taldeak aurkeztutako helegiteei erantzuten baitie “zeharka” epaiak: “Ez du zentzurik plan orokor bat behin betiko onartutzat jotzea, telekomunikazioen arloko zehaztapenak aintzat hartu gabe, administrazio errekurtsogileak [Hondarribiko Udalak] aldarrikatzen duen bezala. Izan ere, telekomunikazio-sareak planteamenduaren beste eremu batzuetan duen eragin ukaezina dela eta, haiek erabat baldintzatzeraino iritsi daitekeelarik, ezinezkoa da pentsatzea plan orokorrak behin betiko onar daitezkeela sare horren hedapena zehaztu gabe”.
Hori horrela, epaiari erreparatuta, HAPO osoa baliogabetuta geratzen dela adierazi du Abotsanitzek, eta hala berretsi duela auzitegi nagusiak erantsi du.
Duplexak
Hondarribiko udal gobernuak Muliateko eta Patximoskeneako “legez kanpoko” duplexen inguruan emandako erantzuna “pozten” ditu, bestalde, Abotsanitzeko kideak. Hala ere, ñabardura egin dute adierazpenean: “Ez gaitu hainbeste pozten ikusteak komunikabideek jasotzen dituztenean bakarrik erantzuten dituztela gure galderak”. Zehaztu dutenez, 2019tik hona gai honi buruzko, eta erantzun gabeko, “galdera bat baino gehiago” erregistratu du udal taldeak. Azkenik, “zuzen” jokatzeko galdegin dio alderdiak Hirigintza departametuari.