Llobregateko aldapan izandako luizia hilaren 26an eta 27an garbituko du udalak
Iazko abenduaren 9an lursail pribatu batean gertatutako luizia garbitzeko neurririk hartu ez denez, udal zerbitzuek esku hartuko dutela jakinarazi du Gonzalo Carrion zinegotziak.
Kosta eta Arkolla auzoak lotzen dituen Llobregateko aldapan gertatutako luizia Hondarribiko udal zerbitzuek garbituko dutela jakinarazi du gaur Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Hortaz, Llobregateko igoera itxi beharko dute hilaren 26an eta 27an garbiketa lanak aurrera eraman ahal izateko.
Iazko abenduaren 9an jabetza pribatuko lursail batean gertatu zela luizia azaldu du hautetsiak. «Segurtasunagatik berehala balizatu zen eremua eta gorabeheren parte bat idatzi zen», jarraitu du, «2020ko abenduaren 28an, udal zerbitzu teknikoek ikuskapen-bisita egin zuten, eta egiaztatu zuten eroritako materialak kendu gabe zeudela eta lursailean beste lur-jausi batzuk eragin zitzaketen lurrak zeudela, bai eta kontrolik gabeko landaredia ere».
Hori horrela, eremuaren egoera «prekarioa» eta «luizi arriskua» ikusirik, bost eguneko epea eman zion tokiko gobernuak jabeari «errepidera eroritako elementuak kentzeko». Horrez gain, departamentuak eskatu zion jabeari «hamabost eguneko epean segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak har zitzala, erortzeko arriskua duten elementuak kentzeko gaitutako teknikariak dituen enpresa espezializatu baten bidez».
Azkenik, orain arte emandako epea «legez nahitaezkoa» dela adierazi du Carrionek, baina «eskatutakoa betetzen ez denez, udalak Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 203.4 artikuluan aurreikusitako edozein neurri hartuko du, eta obrak datorren 26an eta 27an egingo ditu, errepidea itxita egongo delarik».