David Sotoren lekukoa hartuko du Eukene Lopezek
Sei urtez zinegotzi gisa aritu ostean, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzako kideak zinegotzi izateari utzi dio. Postua utzi arren, Eusko Legebiltzarretik «nire hiriagatik eta bere interesengatik borrokatzeko prest» dagoela esan du.
Sei urtez Irungo zinegotzi gisa aritu ostean, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeko David Soto zinegotzi izateari utzi dio. Haren postua Eukene Lopez irundarrak hartuko du. Gaur bertan egikaritu dute aldaketa, udalean bertan.
Sotok azken urteetan burututako politikak nabarmendu ditu lehenik, hala nola, CBAren bigarren fasea, Emakumeen Etxea, Memoria Historikoaren arloko proiektuak, Energiaren Zerbituz Berdearen planteamendua edota gazte zein helduentzako zerbitzuak indartzea.
«Hau guztia ez zen posible izango herritarren babesagatik ez balitz. Babesa eman zigutenak harro eta harro egon daitezke, beti saiatu garelako erantzukizunez ordezkatzen. Gaur egun, une zail eta gogor hauek bizitzen ari garela, pauso arriskutsua eman dugu gobernu-lanak gure gain hartuz. Ziur nago gure presentziak jendearen bizi-kalitatea hobetzea eta hiri honek behar dituen norabide aldaketak bermatzea ahalbidetuko dituela», esan du ordezkari ohiak.
Zentzu horretan eskerrak eman dizkie eragile sozial, funtzionario, alderdikide eta udal talde guztietako ordezkariei, «asko erakutsi baitidate».
Ordezkari berria ere eskertu du gaurkoan Sotok. «Lankide jatorra da, Irungo Udaleko langilea, euskara arlotik ondo baino hobeto ezagutzen duena, itzultzailea den aldetik, erakundearen funtzionamendua. Ziur nago, berak, gobernuan dauden David Nuñorekin, Miren Echevesterekin eta Santi Jimenezekin batera, gure taldeak bultzatzen duen justizia sozialaren, eraldaketa ekologikoaren eta feministaren bidean sakonduko duela», erantsi du Sotok.
Amaitzeko, zinegotzi postua utzi arren, Eusko Legebiltzarreko postutik «nire hiriagatik eta bere interesengatik» borrokatzeko prest dagoela esan du Sotok.
Zinegotzi berriak, bestalde, honakoa esan du gaurko aurkezpenean: «Hasitako bide gaztearekin jarraitzeko aukera bat irekitzen zait aurrean ile zuriek ematen didaten esperientzia emateko. Ohore bat da nire hondar aletxoa jarri ahal izatea jendearen bizitza hobetzeko, haren arazoak, kezkak eta hobetzeko proposamenak entzun eta helarazi ahal izatea, gure hiriak ingurumenarekin eta pertsonekin begirune handiagoa izan dezan; gehien behar dutenei laguntzeko modua bilatu ahal izatea eta pandemia-garai hauetan ilusioz betetako proiektuak egin ahal izatea».