[Bideoa] Nepalgo emakumeek bizitako egoera azaleratuko dute ostiralean
Edurne Pasabanen 'Chhaupadi' dokumentalaren bitartez Nepalgo emakumeen errealitatea ezagutaraziko du Nepaldala GKEak, baita bertan garatutako hezkuntza proiektua aurkeztu ere.
Edurne Pasabanek Nepalen grabatutako Chhaupadi ikus-entzunezko lana aurkeztuko du Nepaldala gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) ostiralean (hilak 22) Itsas Etxea auditoriumean, 18:30ean. Alpinistak ekoitzitako dokumentalaz gain, Nepalen emakumeekin jorratutako hezkuntza proiektuaren berri ere emango du talde solidarioak.
Ekitaldiaren berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean Aitziber Alza, Miren Beroz eta Olatz Lasa GKEko boluntarioek, eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zein Juan Luis Silanes Kultura zinegotziek. Larrartek «ongietorria» eman die Bidasoan sortutako GKEari; Silanesek bere aldetik, ekitaldi «berezia» izango dela nabarmendu du.
Hezkuntzarako aukera bat
Emakumeek Nepalen pairatzen duten egoera ezagutarazi nahi dute GKEko hiru boluntarioek, baita horri aurre egiteko garatutako hezkuntza proiektua ere. «Nepalgo neska gazteen egoera hobetzea da gure asmoa, beti hezkuntza gidari gisa erabiliz», azaldu du prentsa aurrean Berozek.
Hori horrela, 9 urtetik 19 urtera ikasketak garatu ahal izateko aukera ematen die bidasoarrek garatutako proiektuak. Uneotan, bederatzi neskek osatutako taldearekin ari dira lanean. Ohiko irakasgaiekin trebatzeaz gain, «pentsamendu kritikoa» garatzea ere dela helburua adierazi du Berozek.
Izan ere, neska nepaldarrek aukera gutxi izateaz gain, errealitate «kaxkarra» bizi dutela erantsi du: «Neska asko desagertzen dira, batzuetan Indiara bidaltzen dituztelako lanera edo salduta, baina inork ez daki zer gertatzen den beraiekin. Beste kasu batzuetan, 13 urterekin ezkontzera behartzen dituzte». Beraz, haien bizitza aldatzeko «benetako» aukera ematea da hezkuntza proiektuaren helburua.
Horrez gain, nepaldarrekin lan egiten dutela soilik nabarmendu nahi izan du Alzak, «dirua Nepalen geratzea nahi dugulako». Haien lana boluntarioa dela ere argi utzi nahi izan dute hiru kideek.
Azkenik, chhaupadi hitzak nepaldarren ohitura zahar bati dagokiola kontatu du Berozek emakumeek pairatutako egoera ulertarazteko. Tradizioaren arabera, emakumeak euren burua isolatzera derrigortuak dira hilekoa dutenean, baita euren etxeak uztera ere, «zikintzat» jotzen dituztelako.
Ondokoa da dokumentalaren aurrerapena (erdaraz):