Liburutegiaren espazioa eta ordutegia zabaltzeko eskatu du EGIk
Irungo gazteek ikasteko areto gutxi eta ordutegi oso murritza dutela salatu dute. Egoera honi ez aurreratzea leporatu diote Jose Antonio Santano alkateari.
COVID-19aren ondorioz azken hilabeteotan Irungo liburutegiak jasandako espazioaren eta ordutegiaren murrizketekin kezkati agertu dira EGIko kideak. Hiriko gazteek ikasteko espazio gehiago eta ordutegi zabalagoa behar dutela adierazi dute hedabideei bidalitako ohar batean.
Ikasteko dagoen gela bakarra erabiltzeko 24 ordu lehenago erreserba egin behar dutela salatu dute lehenik. «00:00etan aktibatzen da sistema eta ordurako ikasle asko konektatuta daude erreserba egiteko asmoz, eta, horrenbestez, erabilgarri dauden plazen kopurua minutu gutxi batzuetan agortzen dira», esan dute EGIko gazteek. Ondorioz, ikasle asko gelarik gabe geratzen direla salatu dute, alegia, «dagoen espazioa ez dela nahikoa dagoen eskarirako».
Gazte asko kexu direla erantsi dute, eta horietako asko zuzenean Jose Antonio Santano alkatearekin harremanetan jarri direla azkenaldian. «Baina honek erantzun zien esanez dagoen zerbitzuarekin konformatu zitezela», diote amorruz.
Egoera honi ez aurreratzea leporatu diote alkateari, eta zentzu horretan honako eskera egin diote: beste udal espazio batzuk prestatzea eta liburutegiaren ordutegia gehiago zabaltzea.