Caser Betharramgo erabiltzaileak, lurraldeko lehen immunizatuak
Adituen arabera zortzi egunen bueltan lortuko dute erabateko immunitatea bigarren dosia jaso duten 175 lagunek.
Betharramgo Caser adinekoen egoitzako erabiltzaileek zein lantaldeak koronabirusaren aurkako bigarren txertoa jaso zuten atzo. Goizeko 09:30ean ekin zion Bidasoko ESI erizain taldeak txertaldiari, eta denera, 175 bigarren dosi banatu zituen. Lurraldeko lehen immunizatuak dira.
Laura Rodriguez egoitzako zuzendariak azaldu zuenez, zortzi egunen bueltan lortuko dute erabateko babesa COVID-19 gaitzaren aurka. Kontent agertu zen arduraduna prozesuarekin, eta euren eguneroko jardunean zer nolako aldaketak ekarriko dituen jakin ez arren, aurrerantzean “bestelako lasaitasunarekin” lan egiteko aukera ematen diela txertoak adierazi zuen komunikabideen aurrean.
Orain dela 21 egun gertatu bezala, Bernardina Escudero, 87 urteko oiartzuarra izan zen bigarren dosia jaso duen lehen egoiliarra. Denera, 215 dosi jarri zituen atzokoan Bidasoko ESIko erizain taldeak Betharram egoitzan: 175 bigarren dosi eta 40 lehenengo, 23 osasun mentaleko erabiltzaileei eta hamazazpi langileei. Pfizerren txertoa da Gipuzkoako adinekoen egoitzetan banatutakoa.