«Euskarazko hedabideetan dagoen kalitatea izugarria da»
‘Arduraz komunika dezagun’ dokumentala ekoitzi du kazetariak Bozak elkartearen eskutik. Euskarazko hedabideek hizkuntza sexistari emandako erabilera aztertzen du atzo aurkeztutako lanak.
Arduraz komunika dezagun izenpeko ikus-entzunezkoa estreinatu zenuten atzo Oiasso Erromatar Museoan. Zer bildu duzue lan honetan?
Dokumentala Bozak elkarteak egin du, Antxeta Irratiaren barruan berdintasuna eta feminismoa jorratzen dituen azpitaldeak. Urteak generamatzan indarkeria matxistaren inguruan urtero proiektuak garatzen problematika honi ikusgarritasuna emateko, baina momentu batean barrura begiratzea pentsatu genuen. Hortaz, duela bi urte irratiei begira egin genuen. Zehazki, Euskal Herriko herri irratietan hizkuntza nola lantzen den esatarien aldetik aztertu baino, begiratzen egon ginen. Desberdindu genuen ere mikrofono baten aurrean jartzen den pertsona oro ez dela kazetaria. Guk komunikatzailea deitzen dugu, izan soldatapekoa edo kolaboratzailea. Jendea mikrofono aurrean nola sentitzen zen hizkuntzaren bueltan ikusi genuen. Batez ere, emakumeekin egin genuen lan lehen edizioan, baina bigarren honetan, ikus-entzunezkoetara eta prentsa idatzira ere zabaltzea erabaki dugu. Horrekin batera, dokumentalaren ideia sortu zen.
«Adituek esaten dutenez, hizkuntza ez da sexista, erabilera baizik»
Ildo horretan, esan beharra dago, askotan aipatzen da euskarak ez daukala generorik. Oso eroso bizi izan gara aterki horren azpian. Hala ere, adituek esaten dutenez, hizkuntza ez da sexista, erabilera baizik. Kasu honetan, dokumentalean hiru aditu agertzen dira, hizkuntzalariak hiruak: Kattalin Miner, Irene Arrarats eta Amelia Barquin. Haiek planteatzen dutena da arreta jarri behar zaiola hitz bat edo bestea erabiltzeari. Ez dute esaten filtroak jarri behar direnik, ohitura aldaketak bultzatu behar direlako azkenean. Nik, adibidez, feminista naizela esaten baldin badut, agian gaztelerazko coñazo edo putada bezalako hitzak kendu beharko ditut nire hiztegitik, ez? Irene Arraratsek, adibidez, gizon portatu [jator portatu] aipatzen du. Gurean ez da asko erabiltzen, baina gainontzeko adituek ere adibide gisa jarri zuten, eta beraz, hainbat txokotan oraindik ere oso erabilia dela esango nuke.
Kazetarien lekukotasunak bildu dituzue?
Kazetariekin oso polita izan da lan egitea, zeren azaleratu da euskarazko prentsa kontsumitzen duenak, kontsumitzaile arruntak, kalitatea eskaintzen denaren pertzepzioa daukala, agian ez erdal prentsak eskaini dezakeen kantitatean, baina bai edukietan. Izan ere, euskarazko komunikabideek edozein gai lantzerakoan morborik gabe egiten dute, ez soilik indarkeria matxistarekin lotutakoak. Polita izan da ikustea parte hartu duten emakume kazetariek lantzen duten materiala bukatutzat eman baino lehen zenbat buelta ematen dioten, hitz bat edo bestea erabiltzeko erabakia hartu arte. Argia-koek ere komentatzen zuten ezberdindu behar dela Internet eta papereko edizioen artean, jendeak askotan uste duelako sareko edizioak kontrastatu gabe, momentu batean egiten direla, baina hori ez da egia. Gainera, geroz eta arreta gehiagorekin egiten da Internetekoa, hori delako kontsumitzen dena. Polita iruditu zait hori. Berria egunkaria El Diario Vasco baino txikiagoa bada ere, benetako komunikazioa jaso nahi baldin baduzu, landua, eta inor diskriminatuko ez duena, nik behintzat, euskaldun bezala, ez nuke zalantzarik izango bien artean zein aukeratu.
Esku artean izan duzuen material horri guztiari erreparatuta, zer punturaino dira kazetariak sexistak komunikatzerakoan?
Egon garen kazetariekin egon ondoren, eztabaida hori gainditua dagoela iruditzen zait. Gaur egun euskarazko komunikabideetan dagoen kalitatea izugarria da. Aipatzen zuten agian detaileetan sartuta, baina orokorrean, debaterik ez dagoela, behintzat Hegoaldean. Zoritxarrez, ezberdinduko nituzke Euskal Herriko Iparraldea eta Hegoaldea, bietan mugimendu feminista indartsu egon arren. Esaterako, familia batean zerbait gertatu dela azaldu behar baldin baduzu, kontaketa, adibidez, horrela hasten da: ‘aita hau da, ama beste hau, eta hau, alaba’. Erreportaje batean hiruzpalau familia aipatu behar badituzu, ez zara beti gizonarekin hasiko, txandakatuko dituzu. Hegoaldean hori dena gainditua dagoela uste dut.
Euskarazko eta gaztelaniazko komunikabideen artean ere ezberdintasunik antzematen da?
Egia esan, nik ez dut erdal prentsarik kontsumitzen. Adituek esanda, ez dago alderatzerik; euskarazko prentsa askoz hobeagoa da.
«Euskal prentsan lan egiten duten gizonak ere urteekin busti egin dira egoera honetan»
Aipatu duzu euskarazko komunikabideen kalitatea. Ahalegin berezia egin delako eman dela uste duzu?
Nik uste dut baietz, oso ezagunak diren Berria-n, Argia-n ahalegin handia egin dute. Nire sentsazioa da, parte hartu duten kazetariekin hitz egin ondoren, —asko gazteak dira— horietan belaunaldi oso bat oraindik ere lanean ari dela, baina erredakzioko zama eurek zutela. Iruditzen zait hedabideak ere honekin konprometitu direla.
Hizkuntzalariek eta kazetariek parte hartzen dutela komentatu duzu. Nola egituratzen da dokumentala?
Kezka edo galdera batzuk erantzutearen bitartez egituratu dugu ikus-entzunezkoa. Aipatzen dutena da, nola ez dugun egingo, oharkabean, hizkuntzaren erabilera sexista, sistema patriarkal batean bizi bagara? Ezin dugu esan libre gaudenik, noski, hanka sartzen dugu. Kontua da hanka sartze horietaz kontzientzia hartzea eta saiatzea pixkanaka zure ohituretatik kentzen joatea. Kattalin Minerrek esaten du: ‘Nabaritzen da nork egin duen irristada batengatik, eta nabaritzen da nork egin duen benetan horrela pentsatzen duelako’. Ikus-entzunezkoa joaten da poliki-poliki galderak erantzuten eta lekukotasunak ematen kazetarien partetik.
Nola laburbilduko zenuke edo zein ondorio nagusi aterako zenuke ikus-entzunezko lan honetatik?
Bukatu genuenean, egia esan, lehen komentatu dizudan kalitate horrekin geratu nintzen. Iruditzen zait, askotan, jendeak titularrak edo azpititularrak bakarrik irakurtzen dituela. Kazetaria izanda hori ikusteak pena ematen dit, zeren irakurtzen jarraituko balute ikusiko lukete zer nolako kalitatea dagoen euskal komunikabideetan.
Azkenean, hedabideek ere pedagogia egiten dutela iruditzen zait. Nik uste dut euskal prentsak gizarte eraldaketarako kazetari konprometituak dituela norberaren etxean, hedabidean, lana ondo egin dadin. Horregatik uste dut kalitatea dagoela.
Aldi berean ere, askotan ikusten dut euskal hiztun bat prentsa, telebista edo irratia kontsumitzen eta zenbat aldiz kexatzen dira gero Twitter-en Teleberria-ren inguruan? Bada aldatu katez, jarri Hamaika, hor daukazu. Kexatzea alferrik da, ez dute beren lan sistema aldatuko. Beraz, ohitura aldatu behar da.
Gizarte eraldaketa izan duzu hizpide, funtsezko rola betetzen dute komunikabideek eraldaketa horretan?
Niretzako bai, baina pena ematen dit gaur egun hedabideek hainbeste jo behar izatea sare sozialetara, zeren badirudi bertatik elikatzen garela. Nik uste dut teknologia berriei eta egoera berriei egokitu garela, baina gu hedabideak gara, beste funtzio bat daukagu, eta funtzio hori betetzen jarraitzen dugu, ez? Baina niri pena ematen dit belaunaldi berriek agian egunkaria irakurtzeko ohitura galtzea, edo albistegi bat zer den ez ikustea. Eta nire ustez bai, hedabideek badaukate funtzio garrantzitsua horretan guztian.
«Ezin dugu esan libre gaudenik, noski, hanka sartzen dugu»
Atzo egin zenuten dokumentalaren aurkezpena Oiasso Erromatar Museoan. Aurrera begira beste proiekzioren bat-edo aurreikusten duzue?
Momentuz, hedapenari dagokionez, pentsatu duguna da bidaltzea ikus-entzunezkoa parte hartu duten hedabideetara. Guk webgunean urririk jarriko dugu ahalik eta hedapen zabalena emateko. Ez dugu herriz herri ibiltzeko pentsatu, baina bai batez ere erredakzioetara iritsi dadin. Garrantzitsua dela uste dut emakume lankideen gogoetak entzutea. Gainera iruditzen zait euskal prentsan lan egiten duten gizonezkoak ere urteekin busti egin direla egoera honetan.
Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune hauek: Bozak eta Antxeta Irratia.