Unai eta Maialen Oiartzun anai-arrebek euren ikerketa lana aurkeztu dute
Hamalaugarren Jose Antonio Loidi beka irabazi zuen bikoteak iaz, eta azken urtean Irungo udal liburutegian euskarazko liburuak irakurtzeko izan diren ohiturak eta joerak ikertu dituzte.
Hamalaugarren Jose Antonio Loidi ikerketa bekaren onuradun Unai Oiartzun (Irun, 1992) eta Maialen Oiartzun (Irun, 1995) anai-arrebek euren ikerketa lana amaitu berri dute. Herritarrek irakurtzeko dituzten hizkuntza ohiturak aztertu dituzte azken hamabi hilabeteetan; Irungo udal liburutegian azken bost urteetan euskarazko liburuak irakurtzeko izan diren ohiturak eta joerak ikertzen ibili dira Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian ikerketa lanean.
Bada, gaur bertan aurkeztu dute ikerketaren emaitza Miren Etxebeste ordezkariarekin batera. Bertan bikoteak azaldu duenez, liburutegiaren eskaintza aztertu dute, hain zuzen ere, liburuen funtsa, eskuratzeak, maileguak eta irakurzaletasuna sustatzeko urtean zehar antolatutako jarduerak. Horrez gain, eskaintza horren erabileran ere sakontzen ibili dira, erabiltzaileen esperientziak eta iritziak jasota. Azterketarako, hiritarren tipologiaren araberako azterketa egin dute, hau da, adina, sexua, hizkuntza ezagutza, etxeko hizkuntza erabilera, irakurketa ohiturak edo maiztasunari erreparatu diote.
Ondorioak
Anai-arreben ikerketatik ondorio garbia atera dute: euskaldunek oro har gehiago irakurtzen dutela gaztelaniaz euskaraz baino eta haurrek irakurtzen dute gehien euskaraz. Horrez gain, euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko ekarpen ugari jaso dituzte txostenean, udalak landuko dituenak.