«Espainiako Gerra eta gero, Hondarribia udatiarrentzako lekua zen»
1936-1975 urteen arteko Hondarribiko memoria leku historikoak ikertu eta liburu batean bildu ditu Barrusok. Garai hartako gizarteko klase altuenek «euskal Marbella» bat eratu zutela bertan iritzi dio historialariak.
Memoriaren mapa. Memoria lekuak Hondarribian 1936-1975 liburua aurkeztu berri duzu. Zeintzuk dira leku horiek?
Ia 50 memoria toki dira bildutakoak; batzuk oraindik existitzen dira, eta beste batzuk, ez. Gogoratzeko zerbait duten lekuak dira, ona zein txarra. Hondarribian zehar ibilbide bat planteatzen du lanak, esaterako: antzinako Biteri eskolak, Mouriscot, Kasino Zaharra, udaletxea, Hondarribiko Zirkulu Errepublikanoa, Jesus Carreraren etxea… 1936 eta 1975 urteen arteko memoria historikoarekin lotutako toki sorta biltzen ditu, finean, azterlanak.
Memoria leku horiek garrantzitsuak izan dira historian, baina ez dira soilik fusilamendu eta gerrarekin lotutakoak, ezta?
Hori da. Leku horietan gogoratzeko moduko zerbait gertatu zen, edo pertsonaia ezagunen baten bizileku izan ziren. Hala ere, aipatu bezala, gauza onak eta txarrak gertatu ziren tokiak dira liburuan bildutakoak, arrazoi batengatik edo bestearengatik gogoratu beharrekoak. Zorionez, Hondarribian, fusilamenduekin lotutako eremu gutxi daude, soilik Guadalupeko gotorlekua, non eskuineko hainbat preso fusilatu zituzten, eta Jesus Carreraren etxea Ipar kalearen 1. zenbakian. Bide batez, bihar haren fusilamenduaren urteurrena beteko da.
Garrantzitsua izan al zen Hondarribia urte horietan?
Bai, oso. Espainiako Gerraren ondoren Hondarribia udatiarrentzako lekua zen, non jet set-ak [gizartearen goi klasea] etxebizitza edo txaleta zuen. Nik ez ditut zezenketak gehiegi maite, baina adibidez, Victoriano de la Serna toreroak etxea zuen Hondarribian, Joan Pujol idazleak bezala, edota Amerikako Estatu Batuetako (AEB), Frantziako eta Mexikoko garaiko enbaxadoreen antzera. Leku garrantzitsua zen, garai hartako euskal Marbella [Malaga, Espainia] sortu zuten. Txikitatik oroitzen naiz nola Madrilgo udatiarrak etortzen ziren hiru hilabete luze horiek Hondarribian pasatzera. Denek etxea zuten, eta hori zen pixka bat garaiko ideia edo estiloa. Are gehiago, Hondarribiarekin halako harremana duten familiak gaur egun ere oraindik existitzen dira, eta harreman horrek historian atzera jotzen du, gainera. Monarkiatik gertu zegoen jendea zen. Hondarribia, azken batean, hiri turistikoa da, lehen eta orain, turismotik bizi den hiria da.
Nolakoa izan da ikerketa lanaren garapena?
Egia esaten badut, lan atsegina eta entretenigarria izan da. Gustuko duzun ikerketa horietako bat izan da, gozatzen duzun horietakoa, zeren azkenean ikerketara bideratutako urte asko dira, baina gauza berriak ere sortzen dira. Adibidez, San Fernandoko [Madril] Arte Ederren Errege Akademiak Puntalean zeuden etxebizitzen plano guztiak utzi dizkigu. Horrez gain, Hondarribiko udal argazki artxiboa oso ona da. Gainera, gida moduko bat garatzera bideratu da ikerketa, Hondarribia ezagutzera datozen bisitariek erabil dezaten. Ez da lan akademikoa, dibulgatzailea baizik. Wikiloc-en memoria lekuen ibilbidea ere prestatu dugu eta dagoeneko erabil daiteke.