«Asmo handiagoko» Via Irun baten alde egin du EAJk
Alkateak «eraldaketa handi gisa» aurkeztutako proiektua «geltoki berri batera mugatzen» dela salatu dute jeltzaleek. Santanok Via Irunekiko duen «planteamendu eskasa» zuzentzeko eskatu dute.
Irungo EAJ taldeak Via Irunen alde egindako apustua berretsi du gaur, batzokian egindako agerraldian. Halere, azken bi urteetan jeltzaleek iragarri duten bezala, «asmo handiagoko Via Irun-en aldeko apustua» da jeltzaleena. Hau da, udalak, aldundiak, jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak 2011n sinatutako erakundeen arteko protokoloak jasotzen duena.
«Etorkizuneko ikuspegi eredugarria eta kalitatezkoa duen Via Irun babesten dugu, guztira 362.000m2-ko azalera kontuan duen proiektua; Belaskoeneatik Anzaraneraino doana, auzoen arteko mugikortasuna hobetzen duena, bide konexio berriak eratzen dituena, trenbideak estali eta espazio publiko handi bat sortzen dituena, eta trintxera desagertaraziz, egungo geltokia eraldatu eta topoaren trazadura Adif-eko trenbideen ondoan lekualdatzen dituena», esan du gaurko prentsaurrekoan Xabier Iridoy bozeramaileak.
2011n sinatutako protokoloan adostutakoarekin ez betetzea leporatu diote Jose Antonio Santano alkateari, «ezta Irungo herritarrei zin egindakoarekin ere ez». Irungo Bidearen proiektuak trenbide arrakala handia kentzea, trenbideak estaltzea edota auzoak lotzeko ardatzik aurreikusten ez duela salatu dute. Alkateak «eraldaketa handi gisa» aurkeztutako proiektua «geltoki berri batera mugatzen» dela ere esan dute. «Eta hau ez da nahikoa. Badirudi, Santanorentzat, Irunen etorkizuna izan beharko lukeen proiektua, etekin politikoa ateratzeko proiektua besterik ez dela», erantsi dute.
Tren geltokia berritzea positibotzat jo dute, baina jeltzaleak ez dira horrekin bakarrik konformatzen. Proiektuak trenbideak estaltzea eta espazio hori bere osotasunean berroneratzea kontuan hartzeko eskatu diote udal gobernuari. Via Irun «Iruni etorkizun hobea» emango dion proiektua dela esan dute, gure hiriaren bi aldeak elkartzeko hirigintza iraultza, eta ez Santano eta Adif-entzat ad hoc proiektu bat». Honi lotuta, gaineratu dute oraindik ere Adif-ek ez duela jakinarazi topoaren trenbideak bere trenbide plataformara eramateko zein jarrera hartuko duen. Adif-en oniritzi hori «gure hiria erabat birsortzeko ezinbestekotzat» jo dute.
Next Genetaration Europako funtsei dagokionez, Via Irun proiektua aktibatzeko aukera paregabea izan daitekeela esan du Iridoyk, baina horretarako, udalak Santanok Via Irunekiko duen «planteamendu eskasa» zuzendu eta hobetu egin behar dela nabarmendu du. Zentzu horretan Espainiako estatuak Irunekin duen «zor historikoari» erantzuna emateko garaia dela erantsi du jeltzaleak.
Anbizio handiagoa eskatu diote Santano alkateari eta lanari ekin diezaiola. Horretarako jeltzaleek laguntza eta babesa eskaini diete sozialistei, hemen eta baita Madrilen ere. «baldintzatzea. Egin dezagun gure hiriaren bi aldeak batzeko eta espazio publiko berri, zabal eta berdeak sortzeko apustua. Irungo hiri metamorfosia izan behar da Via Irun, hiriaren etorkizuna».