Eusko Jaurlaritzaren «jarrera hipokrita eta autoritarioa» salatzeko kalea hartuko dute herritarrek
Azken hilabeteotan osasun sistema publikoaren alde mobilizatzen aritu den herritar taldeak elkarretaratze eta manifestazio gehiago iragarri ditu.
Osasungintza publikoaren alde azken hilabeteotan mobilizatzen aritu den Behe Bidasoko herritar taldeak borrokan jarraitzen du. Osakidetzako langileek hilaren 28ari begira antolatutako mobilizazio egutegiarekin bat egin dute eta hala, beste hiru mobilizazio iragarri dituzte datozen asteotarako.
EAEko aurrekontuak osatzeari begira Eusko Jaurlaritzaren «jarrera hipokrita eta autoritarioa» salatu nahi izan dute hedabideei bidalitako ohar batean, «Osakidetzako gehiengo sindikalaren planteamenduak entzun nahi ez dituen jarrera anti-demokratiko» gisa definitu dute euren jarrera.
Osasun sistema publikoa eredu sozial, justu eta duinerako ezinbesteko zutabea dela erantsi dute. «Horregatik, krisi ekonomiko, sozio sanitario eta gobernu politika neoliberalek osatzen duten koktel arriskutsu honetan, inoiz baino gehiago defendatu beharra dagoelakoan gaude».
Bada, urteko lehen mobilizazioa Irungo Zentro osasun etxean egingo dute, hilaren 20an (asteazkena da), 19:00etan; bigarrena hilaren 21ean (osteguna da) Dunboako anbulatorioan elkartuko dira, 13:00etan; azkenik, hilaren 30ean (larunbata da) manifestazio handi eta zabala egingo dute (lekua eta ordua oraindik zehazteke dute).
Ondorengo aldarriekin aterako dira kalera: lehen arretarako baliabide gehiago, gutxienez BPG-ren %7a Osasun Sistema Publikora bideratzea eta pribatizaziorik edo murrizketarik nahi ez dutela.