«Legez kanpokotzat» jo ditu Abotsanitzek Muliate eremuko hainbat duplex
Alderdiak salatu duenez, herritarrek eta udal arkitektoak atzemandako irregulartasunak bat datoz: etxebizitzak eta ganbarak lotu dituzte duplexak sortzeko.
Abotsanitz Herri Batzarrak ezagutarazi duenez, Muliate eremuko promozio pribatuetan «legez kanpoko» duplexen inguruko hiru idatzizko eskaera erregistratu ditu aste honetan. Herritarren zenbait salaketaren ondorio direla eskaerak adierazi dute, eta zehazki, 5,7 Muliateri, 5,11 Saindua partzelako 6. lurzatiari, eta Tximista kaleko Patximoskenea urbanizazioari dagozkiela erantsi du.
Hala, udal zerbitzu teknikoek ere «hainbat irregulartasun» atzeman dituztela azken urteotan adierazi du taldeak, baina «alkatearen dekretuetan jasotzen denez eraikuntza-enpresek irregulartasun horiek zuzendu egin izan dituzte». Hala eta guztiz ere, herritarrek egindako salaketen arabera, irregulartasunek «diraute edo errepikatu egin dira». Zenbait kasutan «lehen erabileraren lizentzia jaso eta gero berriro burutu omen dituzte lege urraketak», eta beste hainbatean, «asmo hori omen dute bidean diren obretan, etxeak saltzerako orduan duplexaren aukera eskaintzen omen delako».
Herritarren salaketak, gainera, udal arkitektoak atzemandako irregulartasunekin bat datozela gehitu du udal alderdiak. Horien arabera, etxebizitzak eta gune auxiliarrak (ganbarak) lotu dira, bi solairuko etxebizitzak edo duplexak sortuz.
Eskaerak
Abotsanitz Herri Batzarrak gaiarekin lotutako bi eskaera helarazi dizkio Hondarribiko Udalari: «Batetik, Udal Hirigintza Arau Orokorra bete eta betearazi dezala; eta bestetik, idatzietan aipatzen diren etxebizitza multzoetan ikuskapenak burutu ditzala, bai, egiten ari diren obretan, baita bukatuta daudenetan ere». Idatzizko eskaera horiekin, halaber, «Hondarribiko Udalak Muliaten legez kanpoko duplexak egon daitekeela jakitea nahi dugu». Izan ere, gai honekin lotutako «ekintzak martxan jarriko balira, udaleko arduradun tekniko eta politikoek ezingo lukete esan ezer ez zekitenik».
Bukatzeko, EAJren etxebizitza politika egin dute egoeraren errudun, Hondarribian etxebizitza publikorik ez, baina «promotore pribatuei alfonbra gorria» jartzen baitie gobernu taldeak.