Zilarrezko domina neskentzat eta brontzezkoa mutilentzat
Emaitza onekin itzuli dira BATeko kirolariak Donostiako Anoeta belodromoan jokatutako Pista Estaliko Euskadiko Txapelketa Absolututik.
Pista estaliko Euskadiko Txapelketa Absolutua jokatu dute asteburu honetan Donostiako (Gipuzkoa) Anoeta belodromoan. Bertan ordezkaritza zabala izan du eskualdeko Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT). Taldekako emaitza onez gain, zenbait domina Bidasora ekartzeko gai izan dira kirolariak.
Taldekako sailkapenean BATeko neskek zilarrezko domina eskuratu dute 76 punturekin, Atletiko San Sebastian taldearen atzetik. Gizonezkoek aldiz, hirugarren postuan sailkatzea lortu dute, Real Sociedad eta Atletiko San Sebastian taldeen atzetik, 63 puntu eskuratuta.
Taldean fin aritu dira kirolariak, baina bakarkakoan ere datozen lehietarako prest daudela erakutsi dute klubeko zenbait kirolarik. Teresa Errandoneak esaterako, 60 hesietan, 8´´18-ko marka gainditu du eta Sara Villasantek (1.500 metroetan) eta Paula Añorgak (pertikan) garaipen bana ekarri dute Bidasora.
Gizonezkoetan aldiz, nabarmentzekoa izan da Iker Arozenaren saltoa (luzera jauzian). Izan ere, bere marka pertsonalaz gain, klubaren errekorra ezarri du 7,25 metroko jauziarekin; Jose Larzabalek ere garaipena eskuratu du 3000 metroetan; Gonzalo Tamayok pisu proban zortzi puntu eskuratu ditu eta Goizane Garciak taldeko errekor berria ezarri du pisuan: 11,97 metro.