Ia 30 lagun isundu ditu Udaltzaingoak azken astean
Hilaren 4tik 10era bitarte 29 isun espediente zabaldu dituzte Irunen, gehienak zirkulazio askatasuna, ordutegia edo gehienezko talde kopurua ez errespetatzeagatik izan dira.
Irungo Udalak gaur kaleratu berri dituen datuen arabera, Udaltzaingoak 29 isun espediente zabaldu ditu azken astean (hilaren 4tik 10era bitarte) Irunen, COVID-19ari aurre egiteko erakundeek ezarritako neurriak ez betetzeagatik. Gehienak (25) zirkulazio askatasuna, ordutegia edo gehienezko talde kopurua ez errespetatzeagatik izan dira; bi lagun musukoa ez eramateagatik isundu dituzte eta beste bi isun ostalaritzako ordutegia ez betetzeagatik jarri dituzte udaltzainek.
Gabonetan bezalaxe, azken astean ere zenbait etxebizitzetan bertaratu behar izan dira agenteak, bizilagunen kexak direla eta.