Errepresiorik eta kontrolik gabeko Mosku nahi dute
Azken hilabeteetan poliziaren presentzia handitu eta auzoa «kameraz josi» dutela salatzen jarraitzen dute bizilagun askok. Giza legearen udal ordenantzaren gaineko eztabaida publikoa eskatu dute.
Irungo Moskuk azken urteetan pairatu behar izan dituen zenbait egoerekin oso kezkati agertu dira auzotar asko. Auzoak jasaten duen jazarpen poliziala eta kontrola salatu dute maiz bertan bizi direnek. Poliziaren etengabeko joan-etorriak eta auzoan jarritako segurtasun kamerak auzotarrek jasandako jazarpen horren lekuko direla uste dute askok, tartean, bertan bizi diren Iker Eizagirrek eta Jone F. Zabaletak.
Irungo bestelako auzo eta eremu askotan ematen ez den errepresio baten biktima dira auzotarrak ia egunero, hori uste dute biek. «Poliziaren presentzia handia izan da betidanik. Ohikoa da errondak egitea. Batzuetan modu nahiko artifizialean sorrarazten dituzte orden publikoko arazoak», esan du Eizagirrek. Horren adibide ugari eman dituzte biek. Esaterako, azken urtean bitan mobilizatu dira auzotarrak; lehenik, udaltzain eta ertzain talde bat gazte batzuen kontra «bortizki» oldartzeagatik, eta bigarrenik, auzotar bat isundu zutela salatzeko, kalea aldarrikapenerako erabiltzeagatik. «Azken urteetan bi eraso horiei erantzuteko atera gara kalera, baina horrek ez du esan nahi kasu bakarrak izan direnik, ezta gutxiago ere. Eguneroko ogia da askorentzat», erantsi du, amorruz, Zabaletak.
Bestelako hiri handietan bezalaxe, Irunek ere «hiritar eredugarriak» bilatzen dituela uste du Eizagirrek, hau da, sistemarentzat «produktiboak eta kontsumitzaileak» direnak. Baina Moskuk eredu horretan sartzeko nahirik ez duen auzoa izaten jarraitzen du askorentzat, eta horregatik diote errepresio gehiago jasaten dutela bertakoek. «Mosku beti izan da zona gorri edo kontestatarioa, hiri espazio errebeldea da», erantsi du.
Gutxi ez balitz, Irungo giza legearen ordenantza «oso murriztailea» dela esan du Zabaletak, kalean edozein ekintza egiteko baimena eskatu behar zaiolako udalari. «Kalean ezin da ezer egin», erantsi du Eizagirrek. Hortaz, irundar bezala honako eskaerak egin dizkiote udalari: «Udaltzain askok duten arrazoirik gabeko oldarkortasun eta biolentzia» gutxienez kontrola dadila eskatu dute, baita helburu mamitsuagoa jarri ere, «giza legearen ordenantzaren edukia eztabaida publikora bideratzea, kaleak denonak direlako».