CBA handitu eta modernizatzeko bigarren faseari ekin diote
Bigarren fasearen asmo nagusia liburutegi eta kultur zentroko kultur instalazioa «handitzea eta sendotzea» izango da. Finean, «ekipamendu moderno, erabilerrazak eta erabilera askotariko aretoak» aurreikusi dituzte.
Carlos Blanco Aguinaga (CBA) Kultur Zentroa handitzeko prozesua abian dela jakinarazi berri du Irungo Udalak. Kultur instalazioaren bigarren faseko erabilerak zehaztuko dituen proiektua idazteko lanak esleitzea onartu berri du Tokiko Gobernu Batzarrak.
«Hirirako ekipamenduaren barruan egitekoak garen obra nagusietako bat da, eta funtsezko une batean gaude dagoeneko: proiektua idazteko unean. Hiri erdi-erdian horrelako eremu handia egokituta, San Juan plazaren berrurbanizazioa akabatzen segituko dugu; kasu honetan, kulturarako eta gazteentzako erabilerak sortuta», esan du Cristina Laborda ordezkariak.
Ordezkariak gogoratu duenez, 2019ko urrian kreditu aldaketa bat onartu zenean, Elkarrekin Podemos taldeak CBAren bigarren fasea aurrera eramateko aurkeztutako zuzenketa bat onartu zuten. Zuzenketa honetan 2019tik 2022ra bitarte 2.520.000 euroko gastua egitea aurreikusi zuten, eta 2020ko aurrekontuaren barruan 500.000 euro jartzea.
Bigarren fasearen asmo nagusia liburutegi eta kultur zentroko kultur instalazioa «handitzea eta sendotzea» izango da. Proiektua San Juan plazako lurpeko lehen solairuan gauzatuko dute. Finean, «ekipamendu moderno, erabilerrazak eta erabilera askotariko aretoak» aurreikusi dituzte bertan.
Arte eszenikoetarako areto bat
Ordezkariak gaineratu duenez, arte eszenikoetarako areto bat sortzeko aukera ere aztertzen ari da udala, formatu ertaineko kontzertuen eta bestelako ikuskizunen antolaketarako hain zuzen ere. Bertan, sorkuntza, berrikuntza eta arte garaikideari eskainitako espazioak aurreikusi dituzte.
Proiektua idazteko lanak Arcaya Arquitectos eta Erro Amaro Tecnicos de Arquitectura e Ingeniera SLP enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitu zaizkio. 160.654,99 euroko inbertsioa egingo dute.