2020. urtea «zaila» izan arren, «aberasgarria» izan dela dio Marlaxkak
Amaitu berri den urtearen inguruko balorazioa plazaratu du xake klubak. «Balio eta konpromisoz betetako familia handi bat osatzen dugula» argi geratu dela iritzi diote kideek.
2020. urteko balorazioa egiteko garaia iritsi da, eta Marlaxka Xake Kluba izan da horretan azkena. Bukatu berri den urtea «zaila» izan dela adierazi dute klubeko arduradunek, nahiz eta «aberasgarria» ere izan dela onartu duten. Are gehiago, haien ustetan, «balio eta konpromisoz betetako familia handi bat osatzen dugula» argi geratu da.
Bereziki garrantzitsua izan da 2020. urtea Marlaxkarentzat. 40. urteurrenari ospakizun handirik gabe ongietorria eman behar izan diote kideek, baina ez dute esker ona adierazteko aukera galdu nahi izan: «Eskerrak eman nahi dizkiegu pertsona horiei guztiei urte bitxi honetan gure klubari emandako beroagatik eta erakutsitako maitasunagatik».
Errepasoa
2019a indar «handiz» bukatu zuen Marlaxkak Ander Tafallek Gipuzkoako Gazte Mailan eskuratutako garaipenari esker. 2020a «sentsazio onekin» hasi zuten arren, berehala iritsi zen itxialdia, eta jarduerak etenik izan ez zezan, online eskola eta txapelketei ekitea izan zen jokalarientzako aterabide bakarra, EH4 eta bestelakoen bitartez.
Zentzu horretan, aurrez aurreko zein Internet bidezko partidei esker, klubeko bigarren mailako taldeak lehen mailarako txartela lortu zuen; Patxi Morenok Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazte mailako txapela jantzi zuen; Gipuzkoako Eskola eta Zonaldekako Eskola txapelketetarako ere sailkatu ziren, nahiz eta osasun egoerak hala behartuta azkenean bertan behera geratu ziren partidak.
Udaran hainbat lehia jokatu arren, sanmartzialetako, Hondarribiko Jaietako, eta Hondarribiko Gaztelua txapelketak bertan behera uztea hobetsi zuen elkarteak.
1.627 parte hartzaile
Marlaxkak online antolatutako Eskolarteko Open zein EH4 txapelketek aurreikusitako kopuru guztiak gainditu zituzten: 1.627 jokalarik parte hartu zuten lehenean, eta ekitaldirik nazioartekoena suertatu zen bigarrena.
Azaroan aurrez aurreko eskolak berreskuratzen saiatu ziren arren, neurri murriztaileek berriz ere telematikoki aritzera behartu zituen jokalariak. Egun, ildo beretik jarraitzen dute, iazko denboraldiaren balorazio positiboa eginez: «Urte zaila amaitu da, baina irudimen handiz erantzun diegu Bidasoko xakelarien beharrei».
Azkenik, euskararekiko «konpromisoa» eta «maitasuna» berretsi nahi izan dituzte Marlaxkako kideek. Eskolak elebitan ematen dituztela adierazi dute, hori dela eta, Euskaraldiaren azken edizioan Arigune izan zirela nabarmendu dute.