EH Bildu: «Ez dute oposizioaren parte hartzea nahi: demokrazia eredu ahula»
Demokrazia «ahulduz» nabari du koalizio abertzaleak azkenaldian. 2020. urteko balorazioa plazaratu du udal taldeak.
Hondarribiko EH Bilduren udal taldeak 2020. urteko balorazioa egin du. Amerikako Estatu Batuetako (AEB) demokrazian gertatutakoari heldu dio lehenbizi koalizio abertzaleak, ironiaz. Hala, zenbaitzuk 2021. urtea indar «handiz» hasi duten arren, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) zein Hondarribian demokrazia «ahulduz» nabari dutela erantsi dute.
Ordezkaritza demokraziaren sisteman aritzea EAEko erakundeetan «zaila» egiten dela iritzi dio taldeak: «Urkulluren gobernuak argia bainoago, iluntasuna transmititzen du». Gehiengo osoa baliatuta izurria «gardentasunik gabe» kudeatu izana leporatu dio EAJri, baita Zaldibarko zabortegiaren aferan zein Europako Batasunaren Next Generation diru-laguntzen kasuan ere. Zentzu horretan, oposizioa «gutxiesteaz» ere akusatu du Urkulluren gobernua: «Ez dute oposizioaren parte hartzea nahi: demokrazia eredu ahula».
«Lehengo lepotik burua»
Tokiko politikari erreparatuta, ez du aldaketa gehiegirik antzematen udal taldeak. «Gure herrian ere, Hondarribian, lehengo lepotik burua». Erabateko gehiengoa duen EAJren udal gobernuak «ez du oposizioaren lanaren beharrik, ezta haien parte hartzerik nahi ere». Dokumentazioa «berandu», «gaztelera hutsean» eta «itxita» dagoenean jasotzen dutela diote. Azaroaren 25ean egindako agerraldian egoera hau salatzearen ondorioz, EAJren gobernu taldeak ez zuela aurrekontu proiektua oposizioarekin negoziatu nahi izan ere gogora ekarri du koalizioak.
Hori horrela, «gardentasuna» galdegin die Xabier Isasik zuzendutako udal alderdiak jeltzaleei. EAJren udal gobernuari kudeaketa hobetzeko proposamen ezberdinak egin dituztela diote, eta saiakerak egiten jarraituko dutela berretsi dute: «Hori delako herritarrek eskatu digutena, nahiz eta tokiko gobernuak gure lankidetza baztertu». Hondarribia «feministago, euskaldunago, berdeago eta justuago» baten alde lanean jarraituko dutela ziurtatu dute.
Balorazioa bere osotasunean ondoko estekan klik eginda:Urte politiko berria: zaharra berri