2021a hasteko, musika, antzerkia, dantza eta zinema
Kultura sailak 2021eko lehen hiruhileko kultur agenda aurkeztu du gaur. Irungo artistek parte hartuko duten ekitaldi guztiek 'Kultura Km 0' etiketa eramango dutela zehaztu du udalak.
Irungo Udaleko Kultura sailak 2021eko lehen hiruhileko kultur agendaren berri eman du gaur. Joan den urteko azken astean Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako zerrendaren berri eman du gaur Juncal Eizagirre ordezkariak.
«Pentsatzekoa denez, egungo osasun egoeraren mende dago agenda. Orain arte bezala, segurtasun neurri guztiak hartuta antolatuko dira ikuskizunak, eta unean uneko egoeraren arabera eramango da aurrera ekitaldi bakoitza. Edonola ere, kulturak Irunen zutik jarraitzea nahi dugu, eta kalitateko programazioa eskaintzen segitu, bertako artisten talentua kontuan izanik betiere, orain arte bezala», esan du Eizagirrek.
Irungo artistek parte hartuko duten ekitaldi guztiek Kultura Km 0 etiketa eramango dutela zehaztu du ordezkariak, «ikusgarritasun handiagoa emateko kolektiboari».
Amaia Kultur Zentroak jasoko ditu agendaren ekitaldi gehienak. Ondorengoak dira datozen hilabeteetarako antolatu duten egitaraua:
Musika
Bestelako kontzertuen artean, nabarmentzekoa izango da Ricardo Requejo ganbera zikloaren laugarren edizioa. Hilaren 17an emango diote hasiera, Mikel Zunzundegi txelo jotzailearen eskutik. Otsailaren 21ean aldiz, Iñaki Dieguez irundar akordeoilaria ariko da eta martxoaren 14an, Iker Martin eta Belen Sierrak saxo eta piano kontzertua eskainiko dute.
Gainontzeko ekitaldien artean, EIA trio hirukoteak hilaren 22an kontzertu berezia eskainiko du Oiasso museoan; hilaren 23an Joseba Irazoki ariko da Amaian (taldearekin batera); otsailaren 18an Ruper Ordorika helduko da Irunera, eta 28an aldiz, Olatz Salvador donostiarra, bere taldearekin.
Arte eszenikoak
Antzerkia eta dantzari dagokionez, hilaren 16an emango diote hasiera denboraldiari, Ados Teatroaren Intocables obrarekin; hilaren 30ean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots Amaia KZko oholtzara igoko dira; otsailean (data zehazteke oraindik) Yllana konpainiak Maestrissimo obra aurkeztuko du; otsailaren 20an Marie de Jong konpainiak Ikimilikiliklik ikuskizuna taularatuko du Amaian; 25ean Tanttaka Taldeak Utzi mezua seinalearen ondoren lana eskainiko du eta martxoaren 13an Oymyakon. Habitacion 101 obraz gozatzeko aukera izango dute irundarrek.
Bestalde, dantza alorrean, martxoaren 6an Dantzaz Konpainiak BAT: tres piezas lana eskainiko du Amaia KZn eta 27an, Adaxka Dantza Taldearen txanda helduko da.
DokuIrun
DokuIrun izango da ikus-entzunezko eskaintzaren protagonista nagusia. Dokumental ziklo honen barruan proiekzio ugari egingo dituzte: hilaren 15ean 2 urte, 4 hilabete eta egun bat dokumentala proiektatuko dute eta hilaren 29an berriz, El Drogas.
Amaitzeko, ‘Zure abenturaren bila’ izeneko zikloaren barruan hitzaldi ugari aurreikusi dituztela azaldu du Kultura sailak. «2021ak ere mundu osoko bidaia eta esperientzia bereziei buruzko emanaldiak ekarriko ditu, protagonistek aurkeztuta».