Jaizkibelen kokatutako zenbait megalitoen inguruak garbitu ditu udalak
Atxiñar, Iskulin, Jaizkibel II, Jaizkibel IV, Santa Barbara II eta Zioso monumentuen inguruan hazitako zuhaitz, sasi eta garoen landaredia kontrolatzea izan da helburua.

Jaizkibel mendiko ekialdeko ezpondan kokatutako hainbat egitura megalitikoen inguruak garbitu ditu Hondarribiko Udalak, Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak jakinarazi duenez. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Arkeologia Zerbitzuarekin, zein Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiko Mendien eta Habitaten Kudeaketako Zerbitzuarekin adostutako garbiketa lanak izan dira.
Besteak beste, Atxiñar, Iskulin, Jaizkibel II, Jaizkibel IV, Santa Barbara II eta Zioso megalitoen inguruak dira garbitutakoak. Silanesen arabera, «zehazki, zonalde horietan hazitako zuhaitz, sasi eta garoen landarediaren murrizketak kontrolatu ditugu». 2016an gertatutakoa ekiditeko, kalterik ez eragiteko «arreta berezia» jarri dutela erantsi du hautetsiak.
Aipatzekoa da estruktura horiek guztiak Jaizkibelgo estazio megalitikoko monumentu-multzoan daudela, eta, horien zati bat gainera, Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) igarotzen den Donejakue Bidean ere kokatuta daudela.