Idazketa tailerraren ekitaldi berri bat antolatu du Kultur departamentuak
Sormen idazketa lantzea da antolatutako tailerraren ardatza; aurtengoan, euskaraz zein gazteleraz emango dira eskolak.
Gaurtik larunbatera (hilak 9) bitartean eman dezakete izena interesdunek sormen idazketa tailerrean. Aurtengo ekitaldiaren nondik norakoak aurkeztu zituzten iragan astean Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak, eta Itziar Sistiaga gaztelerazko zein Yolanda Arrieta euskarazko irakasleek.
Zabaldutako informazioaren arabera, hamabi leku eskainiko dira euskarazko tailerrean, eta aurrez aurre garatuko da hilean bi larunbatean, 11:30etik 13:00etara, hilaren 16an hasita. Gaztelerako tailerra hilean bi asteartetan garatuko da, telematikoki, 18:30etik 20:00etara. Azken honetan plaza kopurua zein den ez du zehaztu udalak.
Hori horrela, izena emateko interesa duten lagunek Zuloaga Etxean bertan, helbide elektroniko honetan, 943 11 12 85 telefono zenbakian edota 686 860 846 WhatsApp zenbakiaren bitartez egin dezakete.