Osasun sistema publikoaren aldeko mobilizazio egutegia antolatzeko bilera irekia egingo dute
Azken hilabeteotan mobilizatzen aritu den Irungo herritar taldeak aurtengo mobilizazio egutegia antolatu nahi du. Ostiralean bilduko dira, Palmera Montero Gunean.
Azken hilabeteotan osasun sistema publikoaren alde egindako mobilizazioekin jarraitzeko prest daude Irungo herritarrak. Kalitatezko osasun sistema publikoa aldarrikatzen jarraitzeko asmoa adierazi berri du Irungo herritar taldeak, «bizitza duina eta justizia soziala» exijitzeko kalera aterako dira berriro. Osakidetzako langileek hilaren 28an greba egingo dutela gogoratu dute, eta hortaz, datozen asteak mobilizazioz bete nahi dituztela.
Mobilizazio egutegi bat antolatu nahi dute datozen hilabeteotarako, eta horretarako, bilera irekia egingo dute ostiralean (hilak 8), 18:30ean, Palmera Montero Gunean. Behe Bidasoko herritar orori luzatu diote bertaratzeko gonbita.
«Urtarrilerako mobilizazio fase berri bat ireki du gehiengo sindikalak, ikusita Eusko Jaurlaritzaren jarrera autoritario eta neoliberala zein den eta izango den. Behe Bidasoako Osasungintza Publikoaren babeserako hiritar saretik, uste dugu mobilizazio hauek hiritarren mobilizazioekin osatu behar direla. Langile-hiritar murru erraldoi bat osatu beharra dugula guztiok komunean dugun ondare honen defentsan», esan dute herritar taldetik.
Taldearekin harremanetan jartzeko, helbide honetara idatzi beharko da.