Zumarditik abiatuko da euskal presoen aldeko manifestazioa larunbatean
Osasun egoerak hala bultzatuta, euskal presoen aldeko manifestazioak herriz herri egingo ditu aurten Sare Herritarrak.
Urtero urtarrila hasieran Bilbon zein Baionan egin ohi diren euskal presoen aldeko manifestazio erraldoiak herriz herri egitera deitu du aurten Sare Herritarrak. Osasun segurtasuna bermatzeko helburuarekin, Izan Bidea dinamikaren baitan tokian tokiko plazak betetzeko deia luzatu du presoen aldeko mugimenduak.
Hondarribian Zumarditik abiatuko da protesta, 17:30ean, Sare Bidasoak jakinarazi duenez. Hondarribiko EH Bilduren eta Abotsanitzen udal taldeen atxikipenaz gain, Oarso Bidasoko ELA eta LAB sindikatuek ere bat egin dute presoen aldeko martxarekin.
Deitzaileek zabaldu dutenez, «ez da urte erraza izan inorentzat», baina «are gogorragoa izaten ari da, jada, guk aurten bizi izan duguna aurrez bizi zuten preso eta iheslarien senideentzat. Distantzia eta senideak ikusteko ezintasunei, pandemiak ekarritako muga are zorrotzagoek bereziki latza egin baitute 2020. urtea».
Hori horrela, ondoko aldarrikapenak lau haizetara zabaltzera deitu deitu ditu Sarek herritarrak larunbatean: «Larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dutela; urrunketa politikarekin amaitu behar dela; gurasoak espetxean dituzten haurrek gurasoekin egoteko baldintzak bermatu behar direla; adinduak diren presoak etxean behar dutela; eta euskal preso guztiei gradu progresioa ezarri behar zaiela».
Bertan irakur daiteke Sare Herritarraren komunikatua bere osotasunean.