Moskun elkartuko dira, «auzoak bizi duen jazarpena salatzeko»
Moskuko auzotar batek 760 euroko isuna jaso berri duela salatuko du Mosku Bizirik taldeak, «kalean aldarrikapenerako espazio gisa erabiltzeagatik». Udaltzainen presentzia auzoan etengabea dela diote, auzoa kameraz josi dutela.
Moskuk azken urteotan jasaten ari den errepresioa salatzeko kalera aterako dira berriro auzotarrak. Ostegunerako (hilak 24) elkarretaratzea antolatu du Mosku Bizirik taldeak, «auzoak bizi duen jazarpena salatzeko eta errepresio pasarteak jasan dituztenei babesa adierazteko». Elkartzeaz gain, elkartasun keinu bat ere egingo dutela iragarri dute antolatzaileek.
Azken hamarkadetan Mosku Irungo «txoko gorria» izateagatik «errepresioaren jo mugan» egon dela salatu dute auzotarrek. «Giza legearen bizitza mirabe eta anodinoa gurtzen duen hiri gris honetan, aske izan nahi izatea arriskutsua izan daiteke. Gorri izatea, feminista izatea eta batez ere, kale auzo bizitzarako erabili eta aldarrikatzea garesti atera daiteke», esan dute amorruz hedabideei bidalitako ohar batean.
Bada, auzotar batek 760 euriko isuna berriki jaso duela salatu dute, «kalean aldarrikapenerako espazio gisa erabiltzeagatik». Orain dela urtebete salatu zutela diote, orduan izan zela «polizia munizipalaren jazarpen biolentoa». Egun ere Udaltzainen presentzia etengabea dela diote, auzoa kameraz josi dutela azken urteotan, eta horregatik auzotarrak «gezur askoren jo muga izatera ohitu» direla. Auzotarrak jasotako azken isun horrek kalea aldarrikapen politikorako ez erabiltzea du xede taldeko kideen ahotan, finean, «kikiltzeko neurria» dela.
Irunek «errebeldia, askatasuna eta bizi nahia zentsuratzen» dituela erantsi dute, eta horretarako hiru tresna nagusi dituela: gizalegearen ordenantza kriminala, udaltzainen indarkeria eta isun ekonomikoak. «Horiek denak modu bortitzagoan erabiltzen dira Moskun. Gure auzoa eta hortaz, auzo kideak diziplinatu nahi gaituzte etengabe, biolentzia legal, fisiko eta ekonomikoaz gure eraldaketa nahia makurtu nahi dutelako».
Horregatik guztiagatik ostegunean (hilak 24) egingo duten mobilizazioan parte hartzera animatu dituzte irundarrak. 18:30ean bilduko dira. Bertan, 2 euroko pegatinak salduko dituzte, kaleetan mezua zabaldu dadin.