Kultura KM 0 egitasmoa 2021era zabaldu nahi du Irungo artisten kolektiboak
Mozio bat erregistratu berri du kolektiboak, hiru eskaera zehatzekin. Besteak beste, programa 2021ean «gardentasuna, aukera berdintasuna, publizitatea eta diskriminazio eza» balioen arabera egitea eskatu dute.
Belarte Irungo artisten kolektiboak kezkati jarraitzen du Kultura KM 0 egitasmoarekin. Azken asteotan bi gutun helarazi dizkiote Jose Antonio Santano alkateari, oraindik egitasmoko diru laguntzarik jaso ez dutela salatzeko. Bada, mozio bat erregistratu berri duela jakinarazi du taldeak, hiru eskaera zehatzekin.
Azken bi gutun horiek «arreta dei bat» izan zirela azaldu dute, udal gobernuari beharrean, talde guztiei bideratutakoak izan zirela. «Gure izaera ez alderdikoia nabarmendu nahi dugu», argitu dute.
«Udalaren aurrean garen bezala erakutsi nahi gara, kulturarekin konprometitutako artista eta langile talde bat, begirada etorkizunean duguna eta Irungo bizitza kulturalean egiten diren proposamenak babestu eta laguntzeko gogoz dagoena», esan dute hedabideei bidalitako ohar batean.
Kultura KM 0 «gardentasuna, aukera berdintasuna, publizitatea eta diskriminazio eza» bezalako balioekin egin behar dela uste dute artistek, eta udaletik kanpoko erakunde batek aukeraketa prozesurako irizpideak ezarri behar zituela.
Era berean, hiriko artisten errolda publiko bat egitea proposatu diote udalari, udalaren eta artisten arteko elkarlana errazteko asmoz.
Horregatik guztiagatik, ondorengo hiru eskaera eztabaidatu, bozkatu eta aprobatzeko eskatu dute erregistratu berri duten mozioan:
- Kultura Km0 programa, filosofia eta kontzeptua 2021era zabaltzea, hiriko kultur agendan artea eta artistak bektore garrantzitsu bilakatuz.
- Kultura Km0 programa 2021ean egitea, «gardentasuna, aukera berdintasuna, publizitatea eta diskriminazio eza» balioen arabera.
- Bigarren puntuan jasotako oinarriak betetzen direla bermatzeko kontrol edo fiskalizazio mekanismoak sortzea.