Irungo bidegorrien gainean gazteek duten iritzia jaso du EGIk
Inkesta bat egin dute gazteekin, eta honako ideiak jaso dituzte: bidegorrien sare orokor baten beharra, bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema bat martxan jartzea eta bizikletaren kultura sustatzearen garrantzia.
Irungo EGI gazte taldea kezkati agertu da hiriko bidegorrien egoerarekin. Horregatik urria eta azaroa bitartean zenbait inkesta egin dituzte gazte irundarrekin, mugikortasunaren plangintzaren beharrak eta akatsak identifikatzeko.
Bada, inkesta horren emaitzak dagoeneko aurkeztu dituzte gazteek. Hiru ideietan laburbildu daitekeela esan dute: bidegorrien sare orokor baten beharra, bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema bat martxan jartzea eta bizikletaren kultura sustatzearen garrantzia.
Datuei erreparatuta, inkestatuen %89,3ak uste du plan orokor baten beharra dagoela Irunen, «bidegorri sare oso bat diseinatzeko eta Irun, Hendaia eta Hondarribia lotzeko». «Irundarrek eguneroko bizitzan bizikleta erabili ahal izateko orain arte egiten ari diren bidegorrien zati motzek ez dute balio, inora ez daramatenek eta estatistikak puzteko baino balio ez dutenek», erantsi dute gazteek.
Era berean, gehiengoak bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema baten beharra nabarmendu dutela ondorioztatu dute inkestetatik, «bizikleta kopuru nahikoarekin eta alokairu postuekin, herritarrek sistema hori badagoela jakin ahal izan dezaten».
Amaitzeko, %92,9ak uste du funtsezkoa dela haurren artean bizikletaren kultura sustatzea, eta horretarako ezinbestekoa dela egiten diren bidegorriak egituraz galtzadatik bereizita egotea. «Inork ez du imajinatzen Kolon pasealekuan umeak dituen familia bat bizikletan ibiltzen, eta udalak arazo honi eman dion erantzun bakarra galtzadan karratu gorri itzelak margotzea da. Irunen egunero bizikleta erabiltzen ez bada, ez da nahi ez dugulako, ezin dugulako da», erantsi dute EGIko kideek.
Hurrengo inkestan, Irungo etxebizitzaren egoeraz galdetuko diete gazte irundarrei.