[Galeria] Herriko emakumeak plazara atera ditu Emekik
Emakumeen V. Pala Txapelketaren inguruko dokumentala eta 'Antzina eta Gaur' emakume erreferenteen gaineko liburua aurkeztu zituzten atzo elkarteko kideek.
Hondarribiko Emeki emakumeen elkarteak Herriko Emakumeak Plazara izenpeko ekitaldia aurkeztu zuen atzo iluntzean, Itsas Etxea auditoriumean. Emakumeen V. Pala Txapelketaren gaineko dokumentalaren eta Antzina eta Gaur liburuaren berri eman zuten elkarteko kide eta gonbidatuek, hainbat emakumeren figurak goratuz, eta egindako lanari balioa emanez.
Ekitaldi hunkigarria izan zen atzokoa. Aiala Martin bertsolariak ireki zuen saioa. Haren doinuek girotu zuten auditorioa lehenik, eta Kontxi Galardi elkarteko ordezkaria aritu zen aurkezpen lanetan ondoren. Proiektuaren helburua «emakumeak erdigunean» jartzea dela adierazi zuen elkartekideak, eta Hondarribiko Udalari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman zizkien egitasmoa diruz laguntzeagatik.
Emakumeen I. Pala Txapelketa gogoan
Ixabel Alkain eta Garbiñe Tijero Emakumeen I. Pala Txapelketako parte hartzaileek hartu zuten hitza dokumentalaren proiekzioa egin aurretik. 1994an antolatu zuela Emekik lehen txapelketa azaldu zuen Alkainek. Norberto Trantxe entrenatzailearen laguntzarekin ikasten joan zirela nabarmentzeaz gain, inguruko herrietatik iritsitako emakume kirolari ugarirekin saretzeko aukera izan zutela gehitu zuen.
Tijerok ere kontent azaldu zuen haren esperientzia. Trantxek lotu zituela Alkain eta bera onartu zuen, baina haren kasuan, 1990etik federatu gisa aritzen zela palan gogora ekarri zuen. 1995ean haurdun zegoen jokalaria, eta antolakuntza lanetan buru belarri aritu zela kontatu zuen. Areago, «garai hartan, arauak, gaur ez bezala, mutilenak ziren», eta beraz, egokitzapenak egiten joan ziren pixkanaka.
Haien esperientzia partekatu zuten Alkainek zein Tijerok, eta hori bukatuta, dokumentala ikusteko aukera izan zuten ikus-entzuleek.
Bestalde, datorren urtean, berriz ere, txapelketari heldu ahal izateko itxaropena agertu zuen kideek, izan ere, hainbat urteetako geldialdiaren ondotik, aurten berreskuratu baitzuen Emekik pala lehiaketa. Finala martxoaren 8an jokatu zen, konfinamendua ezarri aurretik.
Iraganetik gaur egun arte
Antzina eta Gaur 28 emakume erreferenterekin osatutako liburua aurkeztu zuen bideo emanaldiaren ondoren Emekik. Galardik Tamara Sastre idazkariari eman zion hitza aurkezpena egiteko, eta nabarmendu zuenez, liburua gauzatzeko «ezinbestekotzat» jo zuen «hemen zaudeten askoren laguntza».
Ildo horretan, hondarribiarrentzat zein gizartearentzat «altxorra» dela idazlana iritzi zion, baita mezu argi bat daukala nabarmendu ere: «Emakumeak ez daitezen baztertuak izan emakume izate hutsagatik». Liburua turismo bulegoetan jaso dezakete herritarrek, debalde, plazaratutako 2.000 aleak bukatu arte.
Emakume erreferenteen irudiak proiektatu bitartean, Emekiko sortzaileei eskerrak helarazi zizkien urte hauetan egindako lanagatik. Era berean, proiektuan batera edo bestera parte hartu dutenei ere eskerrik beroenak adierazi zizkien. Txomin Sagarzazu alkateari eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasun zinegotziari eman zien hitza azkenik.