Hilabetea bukatu arteko Gabonetako egitaraua baieztatu du udalak
Osasun neurri guztiak bermatuz, ekitaldi ezberdinak izango direla aurtengo Gabonetan berretsi du tokiko gobernuak.
Hondarribiko Udalak hil honen bukaerara arteko ekitaldien agenda plazaratu du. Osasun neurrien menpe egongo da, hala ere, Gabonetako egitaraua, eta beste urteetako antzik izango ez duen arren, formatu txikiagoan zenbait ohiturez gozatzeko aukera izango dute hondarribiarrek.
Era berean, Kultur departamentutik gogorarazi dutenez, ekitaldi gehienetarako gonbidapena ezinbestekoa izango da. Sarrerak, debaldekoak zein ordainpekoak, Arma Plaza informazio gunean edota ondoko atari digitalean eskura daitezke.
Bertan zerrendatutako ekitaldiez gain, baserritarren azoka normaltasunez egingo dela berretsi du udalak. Ondokoa da jarduera sorta:
- Hilak 23. Olentzeroren gutun bilketa, Kasino Zaharrean, zortzi hitzordu ezberdinean.
- Hilak 26. Familia zinemaren baitan, Bihurri, Jauretxetik kale gorrira Itsas Etxea auditoriumean, 12:00etan eta 17:30ean.
- Hilak 27. Losers antzezlana Itsas Etxea auditoriumean, 19:00etan.
- Hilak 28. Esencial familia ikuskizuna Itsas Etxea auditoriumean, 17:30ean.
- Hilak 29. Maite Frankoren ipuin kontaketa 4 eta 7 urte arteko haurrentzat, Zuloaga Etxean, 11:30ean. Arratsaldean, bestalde, Sand & Soulshine Voices taldearen kontzertua Itsas Etxea auditoriumean, 19:00etan.
- Hilak 30. Panoli kabareta familia ikuskizuna Kasino Zaharrean, 12:00etan. Eguraldi txarra egingo balu Soroetako pilotalekura lekualdatuko dutela jakinarazi dute.